Aitor Leiza: "Ehizaren kontu horretan legea betetzea besterik ez dugu eskatzen"

Baleike 2015eko ekainaren 12a

Aitor Leizak bihar utziko dio zinegotzi izateari, udalbatza berria eratzen denean. Azken lau urtetan ingurumen zinegotzia izan da eta bere lorpen handiena Urolaren itsasadarreko Plan Nagusia onartzea izan dela dio. Azken hilabeteetan nahaspila sortu da plana garatzen den eremuan ehizatzea debekatzen delako. Udalak txosten tekniko bat eskatu zion Itsas Enara ornitologia taldeari ehizaren legea aplikatzeak sortuko lituzken efektuak jakiteko. Kargua utzi aurretik txosten hori publiko egin nahi izan du Aitorrek.

Urolaren itsasadarreko Plan Nagusia onartzeko hiru inguru behar izan direla gogoratzen du jarduneko ingurumen zinegotziak. “Teknikariekin eta herritarrekin onartu zen”. Ehiza Aldundiaren eskumena zenez, eskaera ofizial bat egin zuen Udalak adierazteko zer eremu hartzen zituen Planak eta haren inguruan Aldundiak erabaki bat hartzeko ehizaren inguruan. “Eskaeran proposamen bat egiten genuen. Ehizarako debekua planak berak jasotzen zuen eremuan baino leku zertxobait handiagoan ezartzea proposatzen genuen, adibidez, zelai bat erditik ez mozteko; mugak garbiagoak eta kudeatzeko errazagoak izatea zen helburua. 2014ko azaroko plenoan onartu zen Plana eta abenduan bertan bidali zitzaion eskaera Aldundiari”. Baina denbora honetan oraindik erantzunik ez dute jaso.

Bitartean, martxoaren erdialdera, halako nahasmena sortu zen erakundeen eta ehiztarien artean. Arrazoi politikoak tartean izan zirelakoan da Aitor Leiza. “Nire ustez denbora elektoralak ondo neurtu dituzte. Iskanbila hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago izan zen. Garbi daukat Aldundiko teknikariek beraien lana egin balute, ez zela halako iskanbilarik izango”. 

Leizak kronologia bat egiten du: “Anadeko ordezkaritza bat nirekin hitz egitera etorri zen, Biotopo babestuan ehizarekin zuten arazo bat kontatzera. Ehiza-postu gehiago izatea eskatzen zuten eta kontutan hartzeko postu hauen zozketa beraiek kudeatzen zutela. Eskatu zidaten Talaimendin ehizarako postuak jartzea. Esan nien bere garaian erabaki zela Talaimendin ezin zela ehizatu eta nik, ingurumen zinegotzi bezala, ez nuela ezer mugituko. Baina, aldi berean, egindako lanagatik postu gehiago eskuratzeko idatzi bat bidaliko nuela. Logikoa iruditzen zitzaidan. Hizketan ari ginenean itsasadarreko kontuaz galdetu zidaten, ea nola zihoan. Esan nien proposamena eginda zegoela eta mugak zein ziren erakutsi nizkien. Han hasi ziren gauzak nahasten. Ikusita nigandik ez zutela nahi zutena entzuten, alkatearengana jo zuten. Han ere ez zuten nahi zutena entzun, eta Aldundiko teknikariengana jo zuten. Hor nahastu zen egoera erabat eta pankarta bat jarri zuten Anaderen aurrean kontua erabat politizatuz”.

Jarraitu egiten du: “Udalarekin eta Aldundiarekin bilera bat egin zen eta hartara manifestazioan joan ziren ehiztariak, pankartaren atzean. Haren ondoren, ehiztariek ehiza-postu batzuek jartzeko proposamen bat luzatu zioten Aldundiari, eta honek, legedia jarraituta ezetz esan beharrean, modifikazio txiki batzuk aplikatu eta ehiza puntu horiek jasotzen zituen plano batzuk bidali zizkiguten. Artadian, Beduako hezeguneari begira, zazpi ehiza-postu proposatzen ziren; Basusta gainean bi eta Talaimendin beste hiru. Talaimendi Biotopo babestuaren barruan dago eta bere plangintzan garbi geratzen da non dauden ehiza puntuak. Talaimendin ezin dira ehiza-posturik jarri, Biotopoaren PORNaren aurka doan zerbait izango litzatekeelako. Basusta gainean, segurtasun limiteak errespetatuta [herribide batetik gutxienezko 50 metroko segurtasun limitea ezartzen da eta gune urbano batetik 200 metrokoa], zerrenda ridikulu bat besterik ez litzateke geratuko. Artadiko zazpi postuak, berriz, itsasadarreko Planak ezartzen dituen mugen barruan daude eta hor ehiza debekatuta dago. Gainera gune sentikorrenaren alboan joango lirateke eta legediak garbi uzten du hezegunetan ezin dela ehizatu; ezta ere Natura 2000 sarearen barruan dagoen leku batean”.

Arazoa ingurumeneko batzorde batera eramateko asmoarekin, txosten tekniko bat enkargatu zion Itsas Enara ornitologia taldeari [txosten hori bere osotasunean duzue jarraian], “ehizaren legea aplikatuta, gauzak nola geratzen ziren ikusteko”.

Txostenaren ondorioek zera diote: “Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaiako udalerrian ehiza-postu berriak sortzeko egin duen proposamenak hainbat arau urratzen ditu, nola udal-mailakoak, hala orokorrak. Horietako urratze bakoitza, zein bere aldetik eta bakarrik hartuta, nahikoa da Aldundiaren proposamenaren aurka agertzeko”.

Ehizaren inguruan sortu zen nahasmen hartan alderdikeria ikusten du Leizak eta kritika gogorrak luzatzen ditu Aldundiko teknikarien aurka: “Ikusita Anadeko lehendakaria eta Ehiza Federazioko burua zein diren, garbi dago EAJk kontu hau Bilduri politikoki kalte egiteko erabili duela. Eta Aldundiko teknikariek aukera eman dute hau gertatzeko. Esan balute Biotopo babestuan ezin direla ehiza-postu horiek jarri, hezeguneetan ezin dela ehizatu, hau dena frenatuta egongo litzateke”. Erabakia “stand-by” batean dagoela dio jarduneko zinegotziak. “Beraiei dagokio erabaki bat hartzea. Ehiza egitea onartuko balu, Aldundia kontraesan batean sartuko litzateke, itsasadarreko Plana onartuta du-eta”.

Hau dena ikusita, Leizak txosten tekniko hori publiko egitea erabaki du, “zumaiarrek jakin dezaten zertaz hitz egiten ari garen. Legea aplikatuz, leku horietan ezin da ehizatu. Hori besterik ez dugu eskatzen: legea aplikatzea babestutako eremu batean”. 

Txostena Zumaia by baleike

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide