21 kilometroko bidean lan on bat egiten saiatuko da 19 urteko txirrindularia. Ibilbidea ondo ezagutzen du eta presiorik ez du Euskadiko titulua eskuratuta ziurtatuta baitu Espainiako txapelketarako txartela. Aizarnazabalgo hitzordua azterketa izan daiteke hilaren 26an jokatuko den Espainiako Txapelketarako. Caceresen(Extremadura) jokatuko da txapelketa eta Aitor Olaziregi hautatua izan da erlojupeko eta iraupeneko frogetan Euskadiko koloreak defendatzeko.
Gipuzkoako Erlojuaren aurkako txapelketan Ampo eta Euskadi fundazioko txirrindularien artean izan behar du lehia estuak. Faboritoa Xabier San Sebastian izan daiteke: tolosarrak Euskadiko Txapelketako arantza atera nahiko du; Mikel Aristi profesional ohia ere puntan ibiltzeko hautagaietako bat da, baina Ander Alonso eta Aitor Olaziregi Ampoko ziklistak saiatuko dira podiumean beren tokiak aldarrikatzen. Ezin ahaztu Espainiako pistako selekzioarekin Europako txapelketa prestatzen dabilen Gorka Etxabe aizarnazabaldarra: Parking Geltokiko ziklista ere jazarpenean espezialista izan da, eta erlojuaren aurka ondo defendatzen den kirolaria da; podiumerako hautagaia izan daiteke ere.
Aizarnazabalgo lasterketari arratsaldeko 19.30etan emango diote hasiera juniorrek, eta horien artean izango da Jon Agirre Arroakoa, Viveros San Antongo txirrindularia. Ondoren emakumeen txanda izango da afizionatu mutilekin bukatzeko. Aitor Olaziregiren irteera ordua 20.23 izango da.