Larunbatean Pasaian jokatutako erlojupeko estropadan nagusi izan ziren Kike Manterolak gidatutako neskak. 10:46,80 denbora egin zuten eta bi segundo eta erdiko aldeta atera zieten Hibaikako arraunlariei. Hirugarren San Juan sailkatu zen eta laugarren Orio.
Gaur eguerdian jokatu da ligako bigarren jardunaldia Zarautzen eta zumaiarrei ez dute aurkaririk izan. 10:40,49 denborarekin irabazi dute. Estu izan dira gauzak beste hiru ontzientzat eta gaurkoan San Juan izan da bigarren, zumaiarrekiko ia 17 segundora. Hirugarren Orio izan da eta laugarren Hibaika.
Bi jardunaldi hauen ondoren Zumaia da sailkapeneko buru 18 punturekin, bigarren San Juan da 15 punturekin, Hibaika hirugarren 14 punturekin eta Orio laugarren 13 punturekin.
Hobekuntza KAE-1 ligan
Zarautzen jokatu dira asteburu honetan gizonezkoen KAE-1 ligako lehen bi jardunaldiak. Larunbateko jardunaldian Zumaia seigarren postuan sailkatu zen, Getaria, Pedreña, Donostiarra, Deusto-bilbai eta Lekittarraren atzetik. Irabazleak ia 18 segundoko aldea atera zion Telmo Deuni.
Gaurko estropadan hobekuntza erakutsi du Zumaiak atzoko estropadarekin alderatuta. Laugarren egin dute Getaria, Lekuttarra eta atzo zazpigarren izan zen Ondarroaren atzetik. 12 segundokoa izan da irabazleak Zumaiari ateratako aldea.
Sailkapen orokorrean zazpigarren da Zumaia, Ondarroarekin 16 puntura berdinduta. Liderra Getaria da 24 punturekin, bigarren Lekittarra 19rekin, eta atzetik Deusto-Bilbao, Pedreña eta Donostiarra daude 17 punturekin.
Beteranoak bigarren
Zumaiako III. Beteranoen estropada jokatu zen larunbatean. Hamar parte-hartzaile izan zituen eta 3.500 metroko estropada egin behar izan zuten, lau luze eta hiru ziabogekin.
Zumaiako beteranoek hirugarren txandan hartu zuten parte Arkote, Pontejos eta Zierbenarekin. Hasiera oso parekatua izan zen eta lehen ziaboga lau ontziek ia parekatuta eman zuten. Poparean ederki itzuli zen Zumaia eta segundo pare bateko aldearekin lehena izan zen bigarren ziabogan. Pontejos kateatuta geratu zen eta agur esan behar izan zion estropadari. Zierbena ere atzean geratuta, Zumaia eta Plentziako Arkoteren artean geratu zen garaipena.
Hirugarren ziaboga ere lehenago eman zuten zumaiarrek, baina bueltakoan aldea jan zuten bizkaitarrak eta ezin paretuago heldu ziren helmugara. Arkote izan zen azken txanpan azkarrago, baina bien arteko aldea 37 ehunekoa besterik ez zen izan uretan. Plentziarrak Zumaiarrak baino zaharragoak izanik, (50,21 urteko bataz-bestekoa bizkaitarrek, 49,36 zumaiarrek), denborei konpentsazio bat ezarri zitzaien eta azkenean 2,37 segundoa izan zen aldea. Hala ere, banderak ihes egin bazien ere, pozik egoteko nahikoa arrazoi zuten Xebas Leizak prestatutako mutilek.