19 urteko txirrindulariak erlojuaren aurkako proban eta baita iraupenekoan ere parte hartuko du. Ostiralean, goizeko 10:00etan jokatuko du 23 urtez azpikoen erlojuaren aurkako froga. 25 kilometroko ibilbidean neurtuko dituzte indarrak txirrindulariek. Euskal selekzioak hiru ziklista eramango ditu eta horietako bat da Aitor Olaziregi.
Lan polit bat egin nahi du Ampoko txirrindulariak; lehen aldia da errepideko selekzioko kide dela eta urduri dago zumaiarra, ohore handia baita beretzat Euskadi ordezkatuz horrelako txapelketa batean izatea. Olaziregik, Euskadiko txapelketa irabazi eta Gipuzkoakoan txapeldunorde gelditu ostean, lan on bat egiteko helburua du. Ibilbidea beretzat egokia izan daiteke, 40 gradu inguruko hotz-beroan korrituko baitute Caceresen.
Erlojuaren aurkakoa prestatzen aritu da azken hilabetean buru belarri, baina helburuak aisa beteta, egindakoarekin gustura gelditzea da Espainiako txapelketarako nahia.
Behin hori jokatuta, 24 ordu besterik ez ditu izango errekuperatzeko. Erlojupeko batek duen eskakizun zorrotza gainditu eta talde lanean arituko da larunbat goizean euskal selekzioarentzat iraupeneko lasterketan. 150 kilometroko ibilbidean bere eginbeharra selekzioko kideei laguntzea izango da; Mikel Aristi, Euskadi fundazioko profesional ohia, da euskal selekzioaren liderra eta berekin lasterketa irabaztera aterako da talde osoa.
Hamar txirrindularik osatuko dute euskal selekzioa eta horietatik hiru bakarrik dira erlojupekoa eta iraupenekoa egingo dutenak, eta doblatuko dutenak: Aitor Olaziregi eta Ander Alonso (Ampoko txirrindulariak biak) eta Xabier San Sebastian (Euskadi Fundaziokoa). Espainiar estatuko 23 urtez azpiko txirrindulari on guztiak izango dira lasterketa honetan parte hartzen. Une honetan sasoirik onenean diren ziklistak bai, behintzat, eta horietako bakarren bat abuztutik aurrera profesionaletan ere ikusiko dugu.
Caceresko txapelketak igandean profesionalen lasterketarekin bukatuko dira.