Abuztuan Munduko Txapelketa jokatuko dute Kauldi Odriozolak, Mikel Martinezek eta Ander Torrikok jubenil mailako Espainiako selekzioarekin. "Gauza handia da hirurok jokatzea, denboraldia eta orain arteko ibilbidea borobiltzeko modu ederra", dio Odriozolak.
Pulpoko jubenilekin denboraldi gogoangarria osatu dute: Euskadiko txapeldun, Espainiako txapeldunorde eta Espainiako txapeldun Euskadiko selekzioarekin. Horrek Espainiako selekzioko hautatzailearen eta hainbat talderen interesa piztu du, normala denez. Kauldi Odriozolak iaz ere Europako Txapelketa jokatu zuen, eta eskuin hegaleko onena izendatu zuten. Ander Torriko eta Mikel Martinezentzat esperientzia berria da. "Guretzat oso aukera ona da, baina ardura ere bai, ez pentsa. Bartzelonako lau jokalari daude eta gero Pulpo da jokalari gehien eramango dituena. Aurten begirada asko izan ditugu gainean eta badakigu gure lana atentzioarekin jarraituko dela", azaldu du Torrikok.
Munduko Txapelketa abuztua jokatuko da Errusian, baina aldez aurretik lan gogorra dute gaurtik aurrera. "Madrildik Suediara joango gara torneo bat jokatzera, gero Qatarrera, Poloniara... Uda osoa etxetik kanpo pasako dugu". Iaz Europako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen Espainiak, eta aurten Mundialean finalaurrekoetan sartzea da helburua. "Garrantzitsua izango da multzoko lehen bien artean sailkatzea, gero kanporaketak samurragoak izan daitezen". Aurkari gogorrenen artean Hungaria, Frantzia eta Danimarka aipatu dituzte.
Pulpoko aroa amaitutzat
Espainiako hautatzailea bakarrik ez, hamaika talde izan dituzte atzetik Odriozolak, Martinezek eta Torrikok. "Asobal Ligako talde batzuk ere izan dira deika, baina uste dugu, eskubaloian gauzak nola dauden ikusita, guretzat onena dela Ohorezko B Mailan jokatzea. Oraindik gazteak gara, asko daukagu ikasteko, eta guk minutuak behar ditugu kantxan", azaldu du Ander Torrikok. Bera eta Mikel Martinez Zarautzen ariko dira hurrengo denboralditik aurrera, azken uneko ezustekorik ez bada. "Iaz mailari eutsi zion azken jardunaldian, eta uste dugu guretzat leku ona dela ikasten eta hazten segitzeko; gainera, nahi dugu ikasketak egiteko aukera izango dugu".
Kauldik Bidasoaren eskaintza aukera du: "Pulpon oso gustura egon gara, eta denboraldi oso ona eginez amaitu dugu gure formakuntza aro hau. Iritsi da unea gure helburu pertsonalei ere begiratzeko eta jauzia egiteko. Kanpotik eskaintza interesgarriak izan ditugu eta aprobetxatu egin behar da. Bidasoak Asobal Ligara igotzea du helburu, aurten ia lortu dute, eta hurrengo denboraldirako talde polita ari dira osatzen. Hiru urterako sinatu dut. Gainera, Donostian egingo ditut ikasketak eta dena etxetik gertu egiteko aukera ematen dit".
Bistakoa da Pulporentzat galera handia dela kirol mailan, baina gutxienez izango du konpentsazio ekonomikoa, hiru jokalari hauengatik formakuntza eskubideak jasoko baititu.