Jexux Iribar Olaldek dioenez, lehenengo norgehiagokan galtzaile suertatu ziren Unai Beristain eta Eneko Urbieta kaltetuak izan zirenaren sentsazioarekin gelditu ziren zaletuak, "oso ondo jokatzen eta tantoak egiteko zer egin behar zuten bazekitela nabarmentzen zitzaielarik, pilotik galdu ez eta aurkari atzelariari pilota bazterreratuz. Era horretan partidaren lehengo zati osoan aurretik joan ziren markagailuan".
Aipaturiko bi etenaldiak lau pilotariak hoztu eta bere honetik atera bazituen ere, Aitor Aizpurua eta Arkaitz Astigarragak hobeto egin zioten aurre sortutako eragozpenei eta norabiderik galdu gabe 22. tantora iritsi ziren (22-18). "Tanto luzeak eta ondo jokatutakoak eskaini zizkiguten hasieratik, oso norgehiagoka gogorra izatera heltzeraino eta egindako lanaren nekeak bere eragina izan zuelarik galtzaile suertatu zen Unai Beristain partiduko jokalari onenarengan batk bat. Ondo lau pilotariak hala ere".
Partida erabakigarrian gauzak azkarrago joan ziren "eta tanto ederrak eskeini bazizkiguten ere galdutako pilota askotxo izan zen partidu on baterako". Unai Antia eta Jon Alkorta oikiarrak atera ziren faborito kantxara, "Antiak pilotari bizi ematen diolarik eta finalerdietan oso partida ona jokatzeaz gain bere lagun Alkorta garantiko atzelaria delako".
Ez ordea. Patxi Salaberria beteranoak eta bere iloba den Joseba Manterola aizarnazabaldarrak bere terrenora eramaten jakin zuten partida, "arrisku handirik hartu gabe pilotan serio eta ondo jokatuz 'buena' asko eginaz, eta aurkariak behartuz gauza arraroak egitera tantoa egingo bazuten. Tranpa edo joku horretan erori zen Antia oikiar pilotari gaztea atzo. Lagun atzelari Alkortak partida ona jokatu zuen atzo ere, esku bakarra du baina ona bera, pilotaren arrastorik ez du inoiz galtzen eta oso gutxi galtzeaz gain norabide onean jartzen du ezkerrez jota.
Txapeldun osaba-ilobak "oso ondo; Salaberriak ofizio haundiko jokoa eginaz aurrekoadroetan, eta gerria ondo sartuz eskumutur gozoarekin pilota dotore bazterreratuz ere bai. Bikote lagun Manterola zer esanik ez, oso seguru partida osan zehar aurkarien atzerako joko erasokorrari aurre egiten jakin zuelarik, metro asko eginaz kantxan aurrera eta atzera eta partidaren zati batean nahiko beteta somatu bagenuen ere buelta eman eta bere onera etorri zena".