Amaiera polita izan du aurtengo pala txapelketak. Odieta pilotalekua jendez inguratuta, atzo jokatu zuten lau pilotariek joko maila ona eta tanto politak egin zituzten. Bitxikeria modura, aipatu atzo jokatu zuten hiru pilotari ezkerrak direla, denak Ulazia salbu. Ulazik egin zituen, hain zuzen ere, arratsaldeko tantorik ederrenetakoak. Pilota ezker hormara gerturatzean ederki defenditu zen bi eskuekin jota, eta pilota zabalean harrapatu orduko tantoa amaitzen abilezia berezkoa erakutsi zuen. Caballerok gogor borrokatu zituen pilota guztiak hauspoak iraun zion arte.
Final handian indarrak parekatuago izan ziren. Calderonek eta Lozanok pilota gogor astinduz ekin zioten partidari. Lozanok hartu zuen pixkanaka aurrea markagailuan, baina Calderonek ez zuen inoiz amore eman. Lozanok atzeko koadroetara bidaltzen zizkion pilotakadan patxada eta trebezia harriagarriz bueltatzen zituen Calderonek, pilota loratuz eta kantxan berriro lekua hartzeko astia irabaziz.
Bazirudien Lozanok eskura zuela txapela, baina Calderon piztu egin zen eta tanto ederrak egin zituen aurrealdean. Partida 24na berdintzea lortu zuen, eta azken txanpan Lozanok baino trebeago jokatu zuen. Azkenean 28-30, Calderon txapeldun.