Uztailaren 1etik 15era izango da zabalik euskara ikasteko diru-laguntza eskatzeko epea

Baleike 2015eko ekainaren 30a

Zumaiako Udalak ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak lagunduko ditu diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azken eguna.

Bihar, hilaren 1ean, irekiko da pasa den ikasturtean euskara ikasten aritu direnek diru-laguntzak eskatzeko epea. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero egiten du deialdia eta ekimenak euskaraz ez dakiten herritarrak euskara ikastera animatu nahi ditu.

Diru-laguntzak jasotzeko bi baldintza egiaztatu beharko dira: batetik, Zumaian erroldatuta egotea, eta, bestetik, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea, gutxienez.

Aurkeztu beharrekoa

Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azken eguna. Interesatuek honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte eskaria egiterakoan: eskabidea (beste dirulaguntzen aitorpenarekin), Nortasun Agiriaren kopia, matrikularen agiria, euskaltegiaren ziurtagiria (maila, datak, ordu kopurua, asistentzia…), eta egoera bereziak egiaztatzeko agiriak (langabezia-txartela edo gizarte zerbitzuen txostena).

Udako ikastaro eta barnetegiei dagokionez diru-laguntzak eskatzeko beste epe bat irekiko da urrian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide