Batxilergoko Sari Berezia irabazi du Mikel Mendizabal Eizagirrek

Zumaiako Institutua 2015eko uztailaren 2a

Zumaiako Institutuko ikasle Mikel Mendizabal Eizagirrek 2014-2015 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietan parte hartu eta saria irabazi berri du. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen ditu sari horiek, Batxilergoko edozein modalitate aprobetxamendu bereziz burutu duten ikasleak saritzeko.

Batxilergoko Sari Berezien deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza da Batxilergoko bi ikasturteen batez besteko kalifikazioa 8,75etik gorakoa izatea. Ondoren, EAEko espedienterik onena izan duten ikasle horiek hiru proba egin behar izan dituzte, Unibertsitatera Sartzeko Hautaprobak egin eta egun gutxira, eta emaitzarik oneneko ikasle aukeratuen artean geratu da Mikel.

Ikasturte honetako deialdian 642 ikasle aurkeztu dira Batxilergoko Sari Berezien probetara, EAEko hiru lurraldeetakoak, eta guztien artean 15 izan dira sarituak. Horiek guztiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartu ahal izango dute, atzerrian ingeleseko ikastaroak egiteko.

Batxilergoko Sari Berezia irabazi duten 15 ikasleak Batxilergoko Sari Nazionala jasotzeko hautagai izan daitezke, aurrez horretarako izena emanez gero.

Zumaiar gazte honek badu, beraz, azken bi ikasturte hauetan egin duenarekin pozik eta gustura egoteko arrazoirik, baita ikastetxeak ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide