Beroagatik eta arratsean izan daitekeen galerna dela-eta alertak daude emanda

Baleike 2015eko uztailaren 3a

Ostiral honetan egiten ari den beroa dela-eta, alerta laranja deitu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Horrez gain, itsasoan kontuz ibiltzea eskatzen da arratsaldean galerna arriskuagatik.

Tenperatura maximoak 37 oC-ra igo daitezke kostaldean. Bero hori dela-eta, alerta laranja deitu du Jaurlaritzak. Itsasorako abisu horia dago deituta arratsalderako, 18etatik 22etara. Kostaldean haizea bat-batean eta zakar mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da. Haizearen norabide aldaketa kostaldean mendebaldetik ekialdera hedatuko da eta baliteke haize-boladek 60 km/h-ko abiadura gainditzea. Tenperatura 10 oC jaitsi daiteke ordubetean.

Beroaz babesteko honako gomendioak jarraitzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak:

Likido gehiago edatea
•    Edan ohi baino likido gehiago; batik bat, ura.

•    Ez itxaron egarri izan arte edateko.

•    Saihestu kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak.

• Medikuak muga ezarri badio edan dezakezun likido-kopuruari edo diuretikoak eman badizkizu, egin kontsulta berari.

Elikadura
•    Hartu janari arinak (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak...).

Etxean
•    Itxi leihoak eta jaitsi beroa jasotzen duten pertsianak.

•    Aprobetxatu bero txikiagoko uneak etxea aireztatzeko eta freskatzeko.


Erabili arropa egokia
•    Arropa zabala, arina eta kolore argikoa.

•    Oinetako eroso eta freskoa.

Freskatu
•    Oso bero bazara, dutxatu edo bainatu ur hotzarekin. Babestu eguzkitik
•    Bero handieneko orduetan, ez atera kalera, beharrezkoa ez bada.

•    Atera behar baduzu, estali burua eta erabili betaurrekoak.

•    Saihestu eguzkia eta jarri itzaletan.

•    Ez egin jarduera fisiko bizirik eta luzerik bero handieneko orduetan.

•    EZ geratu inoiz eta ez utzi inoiz inor aparkatutako eta itxitako auto batean itzaletan badago ere.


Zaindu pertsona ahulenak
• Arreta berezia jarri umetxoei eta haurrei, adinekoei eta beroa eta hidrataziorik eza direla-eta larri daitezkeen gaixotasunak dituzten pertsonei, esaterako bihotzeko gaixotasunak dituztenei.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide