Sanpedrotan, larunbatean, Bermeotik Mundakarako zeharkaldia izan zen eta lan txukuna egin zuten igerilari guztiek. Igande horretan, berriz, Santurtzitik Bilborako zeharkaldia egin zen Nerbioi ibaian zehar. 13,5 kilometroko luzera duen proba zen hau. “Santurtzin itsasbeheran hasi genuen lana eta Bilbo bertan baino gutxiago ikusten zen urpean. Hamar zentimetrora ez zen ezer ikusten; erlojua ere ezin genuen antzeman”, du gogoan Antxon Alberdik, Zumaiako kirol patronatuko gerenteak eta Taosa igeriketa taldeko kideak. Emaitza onak izan zituzten proba honetan. “Mikel Mangas podiora igo zen Masten mailan, bigarren eginda. Rafa Zubeldia hirugarren izan zen, Imanol Badiola laugarren eta ni bosgarren. Ez da igerilari asko mugitzen halako iraupena duten zeharkaldietan (Hiru ordu eta hamar minutu-hiru ordu eta erdi, tarte horretan bukatu genuen). Halakoetan parte hartzeko prestatuta egon behar zara eta urtean zehar kilometro asko egin behar dira igerilekuan”.
Taosa bihurtuko zen igerilari taldeak entrenatzaile bat kontratatu zuen iaz Lubakiko igerilekuan lan egiteko. “Itsas zeharkaldietan parte hartzen duen jendea zegoen. Igeriketa kirol teknikoa da eta gabezia batzuk sumatzen ziren, bai teknika aldetik, bai entrenamenduetan ere”. Lehen pauso haiek Zumaiako Triatloi Taldearen organigramaren barruan egin ziren. Denbora batera igeriketa taldea sortzea erabaki zen, “iazko parte-hartzaileekin eta arten gehitu direnekin. Elkarteak lehen pausoak eman ditu; legeztatuta dago, baina oraindik azken tramiteak betetzea falta zaio”.
Alberdik garbi uzten du Taosa ez dela igerian ikasteko talde bat. “Zerbitzu hori kiroldegian eskaintzen da. Taldean parte hartzeko maila minimo bat eskatzen da, bestela entrenamenduen praktikotasuna galduko litzateke. Flotatzeko, propultsatzeko eta arnasteko teknikak dagoeneko ikasita izan behar dira. Kiroldegiko ikastaro guztien hurrengo pausoa izango litzateke hau”.
Iaz entrenatzaile bat izan bazuten, aurten bi izan dira, eta biak maila gorenekoak: Jon Unanue eta Ainhoa Murua. “Entrenamenduak norberak nahi duen erara planifikatzen ditu, baina modu serio batean hartuta, azkenean bere fruituak ematen ditu. Ez da errendimendu bat eskatzen, bakoitzak jarriko ditu bere denborak eta helburuak, baina itsas zeharkaldi bat egiteko minimo batzuekin joan behar da, eta entrenamendu plan hauek jarraitzea baliagarria da horretarako”.
Hogei bat lagunek osatzen dute gaur egun Taosa taldea. “Horiez gain taldean ez dauden zumaiar askoek ere egiten dituzte zeharkaldiak”. Antxonen esanetan, beraien asmoa ez da jende hori taldera eramatea, “baina bai jakitea talde horrek existitzen duela eta nahi izanez gero sartzea dutela”.
Zeharkaldiak Gipuzkoan ekainaren amaieratik irailera bitartean egiten dira, “baina, Espainian eta beste lekuetan urte osoan zehar egiten dira”. Zeharkaldiez gain, erronka bezala ezagutzen diren probak ere badaude: Gibraltarko itsasadarra zeharkatzea (hiru taldekidek eta lagun batek aurten zeharkatu dute), Kanariar Uharteetan eta Menorcan egiten direnak, eta abar luze bat. “Behin mundu honetan sartzen zarenean ikusten duzu asko daudela. Erronka handiak ere badaude: Mantxako kanala zeharkatzea, Kalifornian Santa Katalinako kanala pasatzea edo New Yorken Manhattan irlari buelta ematea. 40 kilometrotik gorako zeharkaldiak dira eta hiru proba horiek egiteak Koroi Hirukoitza eskuratzea dakar”.
Maila xumeago batean, hemen inguruan egindako erronketan ere parte hartu dute Taosakoek. “Hauetatik garrantzitsuena edo fama gehien hartzen ari dena udaberrian egin zen Debatik Zumaiarakoa da. Bi aukera zeuden: Debatik irten eta Itzurunen ateratzea (7.700 metro) edo Arranplaraino jarraitzea (10.400 metro). Taldeko askok hartu genuen parte, itsasoaren egoera txarrarekin. Batzuk bide osoa egin zuten, beste batzuk itsasontzira igo ziren eta berriro salto egin zuten eta izan ziren mareatu eta amaitzerik izan ez zutenak ere”.
Orain arte burututako azken zeharkaldia pasa den asteburuan Deban egin zena da. “Harrituta geratu nintzen zenbat zumaiar zeuden ikusita, bai kiroldegiko ikastaroak egin dituztenak, bai talde barnekoak. Eta denek kristoren maila erakutsi zuten”.
Hurrengo hitzordua Ondarroan izango dute, baina begirada guztiak uztailaren 26an egingo den Getaria-Zarautz zeharkaldian jarrita daude. “Gipuzkoarrontzat eta ingurukoentzat erreferente bat da, Behobia-Donostia edo Kebrantahuesos diren bezala. Jende asko egoten da hilabeteetan edota urte osoan proba hori prestatzen. Uste dut taldekide gehienak eta zumaiar asko izango garela igerian egun horretan”.