Pedro Etxeberria hirugarren izan da 88 kilometroko G2Haundiak trailean

Baleike 2015eko uztailaren 13a

Beasaingo Arrastaka Mendi taldeak antolatuta, distantzia luzeko hiru mendi lasterketa jokatuko dira pasa berria den asteburuan. Ehunmilak, 168 kilometrokoa, G2Haundiak, 88 kilometrokoa, eta Marimurumendi, maratoi distantziakoa (42,195 kilometro). Distantzia erdiko proban izan dira Zumaiako korrikalariak, emaitza onekin gainera, nahiz eta halako lasterketetan nahikoa saria den berau bukatzea.

Ostiralean gaueko 11tan atera ziren korrikalariak Beasaindik. 88 kilometroko luzera eta 6.000 metroko desnibel positiboa duen lasterketa bete behar izan zuten. Beasaingo Udaletxeko plazatik aterata, Zaldibia, Larraitz, Txindoki lepoa, Uarrain, Lizarrusti, Etxegarate, San Adrian, Oazurtza eta Mutiloa zeharkatu behar zituzten berriro Beasainera heldu arte. 

Azkarrenek bidea 11 ordu inguruan betetzea aurreikusten zuten antolatzaileek eta korrikalariak uste baino dezente azkarrago ibili ziren. Iokin Garai oñatiarrak irabazi zuen proba 10:13:50 denborarekin. Bigarren Berastegiko Ion Azpiroz sailkatu zen, 10:18:19 denborarekin, eta hirugarren Pedro Etxeberria zumaiarra, 10:35:04 denborarekin. 

Beste hiru zumaiarrek ere lortu zuten proba amaitzea: Jose Antonio Alberdi 286. izan zen 19:09:19 denborarekin, Iñaki Arriola 294. 19:30:06 denborarekin eta Agustin Zumeaga 295. 19:30:11 denborarekin.

Ismael eta Xabier Elizalde anaiak, Ehun Miliak amaituta.

Elizalde anaiek, Ehun Miliak

Bestalde, Ismael eta Xabier Elizalde anaiek Ehun Miliak proba amaitzea lortu zuten. Ismaelek 41 ordu 53 minutu eta 41 segundo behar izan zituen 168 kilometroak osatzeko, eta anaia Xabier jarraian sartu zen helmugan, hiru segundo geroago. Sekulakoa bi kirolari hauen ahalegina. Zorionak hauei ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide