Arrauna

Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Zumaiak

Baleike 2015ko uzt. 16a, 08:25

Arraunlariak Gipuzkoako Txapelketako banderarekin. Argazkia: Klausser

Zumaiako traineruak bere nagusitasuna erakutsi du beste behin, San Juani bederatzi segundoko aldea ateraz.  Orio izan da hirugarren, eta Hibaika laugarren. Mutilen txapelketan Zumaia bederatzigarren izan da.

Garaipenaren bidetik segitzen dute Zumaiako neska arraunlariek. Atzo Donostian jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa eta, igandean estropada eremu berberean egin bezala, nagusitasun handiz irabazi zuten estropada. Atzo lehen luzean ia erabakita utzi zuten lehia, sei segundoko aldearekin atera baitziren ziabogatik. Helmugan, 11 minutuko mugatik jaisten bakarrak izan ziren: 1. Zumaia 10:55, 2. San Juan 11:04, 3. Orio 11:09, 4. Hibaika 11:10. Euskotreneko lehen estropada kenduta, orain arteko traineru estropada guztiak irabazi ditu Zumaiak.

Mutilei dagokienez, arraunlari gaztez osaturiko trainerua uretatu zuen atzo Zumaiak, halako txapelketetan esperientzia hartzeko helburuarekin. Bederatzigarren postuan sailkatu ziren zumaiarrak. Txapelketa Hondarribiak irabazi zuen, Orio, San Juan eta San Pedroren aurretik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide