Emakume Mundu Martxa antolatzeko bilera egingo da uztailaren 21ean

Baleike 2015eko uztailaren 17a

Martxoaren 6an abiatu zen Mundu mailako Emakume Martxa. Euskal Herritik ere pasako da irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean. Zumaian urriaren 1ean izango da eta egun horretako xehetasunak antolatzeko bilera egingo da astearte honetan, uztailaren 21ean, 19:00etan Alondegian.

4. Nazioarteko Ekintzaren baitan kokatzen da martxa hau eta 'Geure gorputzak, geure lurraldeak' lelopean egingo da. "Eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren aurrean" alternatiba feministak proposatzen dituen zer nolakoak erakutsiko direla diote ekimenaren bultzatzaileek. 

Dossierrean irakurri daitekeenez ekintza honek bultzatzen dituen helburuak honako hauek dira:

- "Emakumeok bizi ditugun askotariko indarkeria-motak ikustaraztea eta salatzea, zapalkuntzak sustatzen dituzten eragileak identifikatuz".

- "Sistema kapitalista, patriarkal, arrazista eta heteronormatibo bati kontrajarrita emakumeok honezkero eraikitzen ari garen alternatibak sutatzea eta ikusgai egitea, elkartasuna, poza eta sormena sendotzen duten ekintzekin, eta emakumeak kalera irtetea eta manifestatzea sustatuko duten ekintzekin".

- "Munduari erakustea emakumeok erresistentzian ari garela eta ez dugula amore emango gure gorputzen gainean erabaki ahal izan arte, baieztatuko dugu posible dela beste modu batean sortzea eta bizitzea, taldean eraikiz, modu askean".

- "Gure mugimendua indartzea eta zabaltzea, komunitateetatik abiatuta, tokikotik, nazionaletik, eskualdekotik eta nazioartekotik, kaleko ekintzekin, emakume gehiagok parte hartuta, hezkuntza politikoarekin eta beste jendarte mugimendu batzuekin elkarlanean". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide