Datorren urtean Zumaian jokatuko da Dinastia Etxabe

Baleike 2015eko uztailaren 21a

Pilotaleku berrian jokatu da Dinastia Etxabe 2016an.

Ostiralean jokatuko da Dinastia Etxabe txapelketako lehen jardunaldia Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan (22:00etan). Jexux Iribar Olaldek azaldu dizkigu txapelketaren nondik norakoak eta aurrera begirako asmoak.

Sona handia du Dinastia Etxabe txapelketak pilotari eta pilotazaleen artean, eta aurten ere denek gozatzeko moduko txapelketa antolatu dute. Sona du, historia luzekoa izateaz gain –44. aldiz jokatuko da aurten–, azken hamar urteotan lan handia egin delako txapelketa indartzeko. «2005ean guk hartu genuenean pixka bat apalduta zegoen txapelketa, finalaurrekoak eta finala baino ez ziren jokatzen; guk horri buelta eman nahi izan genion eta benetako txapelketaren itxura eman», azaldu du Zumaiako pilota elkarteko kide Jexux Iribar Olalde-k. 
Ikusleentzat eta pilotarientzat erakargarria den txapelketa antolatzen ahalegintzen dira. «Oreka da giltza. Bikoteak guk osatzen ditugu eta saiatzen gara orekatzen, partidak lehiatuak izan daitezen eta pilotari denek izan dezaten irabazteko aukera». Irizpide hori eskertu egiten dute pilotariek, eta Dinastia Etxaben parte hartzeko gogoz izaten dira. «Garai honetan txapelketa asko izaten dira eta ez da erraza beti onenak ekartzea; gu saiatzen gara besteen egutegien arabera antolatzen, pilotariek parte hartzeko aukera izan dezaten», dio Iribarrek. Azken urteotan Dinastia Etxaben jokatu dute gaur egun profesionaletan ari diren Jaka, Artola, Altuna, Iribarria, Agirre, Dario, Albisu, Rezusta, Irusta, Tolosa eta Urruzolak, besteak beste.
Azken hamar urteotako bideari eutsi diote aurten ere, torneoaren formatoari dagokionez: alde batetik, gazte mailako zortzi bikote lehian, finalaurdenetatik hasita; beste aldetik, 23 urtez azpiko 12 bikote, lau zuzenean finalaurdenetarako sailkatuta eta beste zortzien arteko aurrekanporaketarekin. Partidak Zestoako Gurutzeaga frontoian jokatuko dira, 22:00etan hasita. Ostiralean jokatuko dira lehen bi aurrekanporaketak.
 
2016an Zumaian 
2008an eraitsi zuten Zumaiako Odieta pilotalekua eta orduz geroztik Zestoan jokatu da Dinastia Etxabe. Zumaiako pilotaleku berria, baina, prest egongo da 2016rako. «Datorren urtean Zumaian jokatuko da, hor ez dago zalantzarik; hortik aurrera, gure proposamena izan da eta izango da, txandaka jokatzea, urte batean Zumaian eta hurrengoan Zestoan. Zestoako pilotalekua oso aproposa da eskuz jokatzeko eta urte hauetan txapelketak irabazi egin du. Zestoan ados badaude, guk txandaka jokatzea nahiko genuke».

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide