Onenen pare ibiltzeko gai dela erakutsi du berriro Telmo Deunek Lekeitioko estropadan. Bezperan etxean bosgarren egin ondoren, gaur estropada ederra egin dute Patxi Francesen mutilek. Lehen bi luzeetan oso gertu izan dira ohorezko txandako lau traineruak, baina Zumaia izan da beti branka erakutsi duena. Hirugarren luzea izan da erabakigarria. Zumaiak zortzi segundoko abantaila zuen azken ziabogan Getariarekiko; Ondarro zen hirugarren 11 segundora, eta Deustu laugarren 17 segunduko atzerapenarekin. Azken luzean Getariak pare bat segundo jan dizkio, baina aldeari ederki eutsi dio Zumaiak eta bandera ondo merezita irabazita dute.
Arraunak gora!! Aupa Zumaia!! Zorionak. #telmodeun pic.twitter.com/DrZE0I8bNq
— Zumaiako Telmo Deun (@telmodeunAE) July 26, 2015
Zumaiak aurten KAE1 Ligan lortzen duen hirugarren bandera da, Elantxobekoa eta Santurtzikoarekin batera. Sailkapen nagusian hirugarren postuan da oraindik (84p.), baina orain Ondarroa bost puntura du (89p.) eta garaipen honek indar handia emango die igoerako kanporaketako postu bat lehiatzeko. Getariak sendo jarraitzen du lidertzan gaurko bigarren postuarekin.
Euskotren Ligako estropada ere jokatu da gaur, Getxon. San Juan izan da gaur ere azkarrena (10:34), eta Zumaia bigarren sailkatu da zazpi segundora. Asteburuan lortutako bi garaipenekin San Juanek abantaila polita hartu du Euskotren Ligako sailkapen nagusian, baina Zumaiak oraindik badu irabazteko aukera Zarauzko Banderako bi jardunaldietan irabaziz gero.