Gutuna: Eraso hauek izebergaren punta besterik ez dira

zumaikoasanbladafeminista 2015eko uztailaren 28a

Azken hilabete honetan eman diren sexu erasoen aurrean, harrituta eta haserre geratu gara Zumaiako mugimendu feministako kideok udalak argitaratu berri duen testuarekin.

Oso ongi iruditzen zaigu Zumaiako eskoletan LH eta DBH mailetan Hezkidetza programa martxan izatea, zer gutxiagorik, behar-beharrezkoa dela deritzogu gaztetxoen heziketaren bidean berdintasunari dagokion tokia ematea. Oraingo honetan, ordea,oso larriak diren erasoen aurrean aurkitzen gara, hainbat adingabekok (12k denuntziatu dute zehazki, eta ezin jakin zenbat geratu diren denuntziatu gabe arrazoi ezberdinengatik) jazarpena pairatu behar izan dutelako bi erasotzaileren eskuetatik, eta Hezkidetza programa asko sustatze hutsak ezingo du adingabe horiek jasan behar izan duten erasoa desagertarazi.

Bestetik, udalak adierazi duenez, hainbat eragilek osatutako protokoloa dute indarrean, eta azken kasu hauetan ere protokoloan zehaztu bezala ematen ari omen dira pauso guztiak. Gure belarrietara iritsi denez, lehen erasoaren kexa aurkeztu zenean, bi udaltzaingo bidali ziren erasotzailearen etxera “mesedez horrelakorik errepikatu ez zedin eskatzera”. Lotsagarria da hau, eta ez dugu inolaz ere onartuko herriaren zaindariak suposatzen direnak direla erasotzailearengana erreguka joatea, bere alde inpunitate osoz legitimitatea lortuz. Hori al da martxan dute protokoloa? Egiazko erantzunak behar ditugu, azkar eta zuzenki erasotzaileen aurka behar diren neurraiak har daitezen.

Azkenik, Zumaia herri lasaia eta segurua dela baieztatu dute. Eta hau kasu isolatua omen da. Baina zein mundutan bizi gara? Esan beharrik ez dago eman diren eraso hauek izebergaren punta besterik ez direla, eta honen atzetik mila jazarpen modu daudela. Begirada edo komentarioetatik hasita, esaterako. Eta jakin badakigu emakumeok horrelako asko jasaten ditugula, bai festa giroan eta bai bestela ere. Gaixorik dagoen gizarte batean, gaixorik dagoelako ere jendartea. Beraz, ez du ezertarako balio Zumaia herri lasaia eta segurua dela esateak, justu kontrakoa demostratzen bada eguneroko bizitzan, are gehiago, kasu hauetan, denen begi bistan, kalean, egun argiz.

Borobiltzeko, Zumaia herri lasaia eta segurua izan dadin, hobe dute udalekoek Hezkidetza programa bultzatzea baino zerbait gehiago egin horrelako gehiago errepika ez daitezen eta izeberga behingoz ondora dezagun egiazko protokolo erreal eta zuzenak martxan jarriz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide