Zumaia eta Deba arteko itsas-irteera berriak antolatu ditu Geoparkeak

Baleike 2015eko uztailaren 30a

Debako pantalan berriaren inaugurazioa, atzo, Ana Oregi Sailburua eta Deba, Mutriku eta Zumaiako alkateekin.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa osatzera datozen bi itsas-irteera berri jarri zituen atzo abian. Bisita gidatu berriek itsasontziz egingo dute Deba eta Zumaia arteko ibilbidea, bi zentzuetan, eta bisitariek Debako pantalan berrian ontziratzeko edota lehorreratzeko aukera izango dute.

Hemendik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsas-irteeretan parte hartzen duten bisitari eta geologia zaleek Deban ontziratzeko eta lehorreratzeko aukera ere izango dute. Deba-Zumaia itsasontzian eta Zumaia-Deba itsasontzian dira bi irteera berriak. Abiapuntu eta helmuga desberdina duten bisita interpretatuak dira, aukera ezinhobea Geoparkeko bi herri hauek patxadaz ezagutu nahi dituzten bistarientzat. 

Itzultzeko aukerak dira, halaber, Zumaia eta Deba arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga egin nahi dutenentzat. Bisitak geoparkea.com webgunean erreserbatu daitezke dagoeneko edota Geoparkeko hiru turismo bulegoetan.

2.000 bisitari martxotik ekainera

Flyscheko itsaslabarrak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasunik handiena. Arrakasta gehien duten bisitak itsasontziz egiten direnak dira, Geoparkeko kostaldea deskubrituz. Datu bat, aurten martxotik ekainera bitarte, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat. Aurreko urteko datuekin alderatuz, epe berean, % 60 baino gehiago igo da kopuru hau. Bisitarien joan-etorria handia da Geoparkea osatzen duten hiru herrietan eta honen eragin ekonomikoa eta turistikoa ere handia da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide