Larunbatean, Gipuzkoako ligako estropada izango da, 18:00etan eta ETB1ek emango du. Zumaia Salegi Jatetxea doa buruan, eta lau puntura dauka San Juan. Aukera ona da zumaiarrentzat aurreko asteburuko bi emaitzak iraultzeko; orduan, Euskotren ligan, pasaitarrek atzean utzi zituzten bi egunetan. Eta bide batez, bihar irabaziz gero, Gipuzkoako liga ia-ia erabakita utziko luke Zumaia Salegi Jatetxeak.
Getarian bertan, eta emakumezkoen lanaren ondoren, gizonezkoen txanda izango da. KAE 1 ligako azken bosgarren estropada jokatuko dute, eta Zumaiari heldu zaio kale edo bale egiteko ordua. Hirugarrena da sailkapenean, eta Ondarroa bigarrenak bost puntu ateratzen dizkio. Lehen biak bakarrik sailkatuko direnez San Miguel ligara igotzeko kanporaketara, Zumaiari ez zaizkio aukera asko geratzen Ondarroa harrapatzeko. Beti ere, kontuan izanik Getaria liderra urruti duela eta bera harrapatzea oso zaila izango dela.
Igandean ere Getarian jokatuko dute KAE 1 ligako beste jardunaldi bat. Biharko eta igandeko estropadak puntuagarriak izango dira, baina bandera irabazteko bi egunetako denborak hartuko dira kontuan. Igandeko estropada 11:30ean hasiko da.
KAE 2 ligan, Zumaia Bk Pasaian dauka estropada. Igandean izango da, 11:30ean. Zumaiarrak 13.ak dira sailkapenean.