Irati Osak Munduko txapelketarako sailkapena eskuratu du K-1ean

Baleike 2015eko abuztuaren 5a

Irailean Hungariako Gÿor herrian jokatuko diren piraguismoko Munduko maratoi txapelketarako txartela lortuta zuen Itxas-Gaineko kirolariak K-2an, Ainhoa Hidalgo plentziarrarekin batera. K-1ean ateratzea zuen, baina, ametsa eta asteburu honetan Zamoran jokatutako hautate estropadan lortu du partaide izateko postua.

K-2an Espainiako txapelketa irabazita lortu zuen Iratik Munduko txapelketarako txartela. Sentsazio gazi-gozoarekin geratu zen, baina, K-1ean sailkatzeko itxaropenak ere bazituen eta. "Selektibitatea prestatzen egon zen eta, ondorioz, ez zuen ondo entrenatu", du gogoan Xabier Osak, Iratiren aita eta taldeko entrenatzailea.

Munduko txapelketarako bi postu izaten dira estatuko maila bakoitzean. Espainiako txapelketaren irabazleek zuzenean eskuratu zituzten lehen txartelak. Bigarrena, berriz, abuztu hasieran Zamoran egindako hautatze estropadan erabakiko ziren. itxas-Gainek bi ontzi eraman zituen proba honetara, biak ere jubenil mailan: Irati Osa K-1ean eta Martin Egaña eta Unai Azkunek osatutakoa K-2an.

Iratik larunbatean izan zuen bere proba, 19 kilometroko distantzian. Zumaiarra lehena izan zen eta, ondorioz, jokoan zegoen bigarren txartel hori eskuratu zuen.

Egaña eta Azkune, aldiz, atean geratu ziren. 22,5 kilometroko distantzia bete behar izan zuten igandeko estropadan. Ia proba guztian Santiagotarrak klubeko bi piraguistekin batera joan ondoren, azken porteoan xukadera izorratu zitzaien eta irundarrek ihes egin zieten. "Ur asko sartu zen eta piraguak pisu handia hartu zuen", damu zen Martin Egaña. Hain hurre eta, aldi berean, hain urruti. Egaña eta Azkune ez dira izango Hungarian dagoeneko sailkatuta dauden Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka lagunekin.

Xabier Osak animoak altxa nahi izan zizkien: "Estropada biribila egin duzue. Ezin da gehiago eskatu. Europako bosgarren diren asturiarren aurretik joan zarete. Hor erakutsi duzue zer maila duzuen. Lasaitasun handia ematen dit ikusteak maila handiko bi ontzi ditudala".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide