1919. urteko lana da gaur ikusiko dena. Pelikula honetan Ernst Lubitsch zuzendaria (Berlin, 1892 – Hollywood, 1947), bere estilo pertsonala garatzen hasi zen lehen aldiz, “Lubitsch ukitu” bezala ezagun egin zena, hain zuzen ere. Hala, isekarako joerak eta ironia finak bustitzen dituzte satira sozial honetako arlo guztiak: pertsonaiak, interpretazioak, dekoratuak, egoerak…
Ossi Oswalda, umore eta bizitasun handiko aktorea, Lubitschen hamaika pelikuletako protagonista izan zen, nahiz eta bost besterik ez diren heldu gugana. Emakume honek ekoiztetxe bat ere sortu zuen, baina soinudun zinemarekin dena galdu zuen: aktore lana eta ekoiztetxea.