Alemaniarekin galduta ere, Munduko txapelketako final-zortzirenetan da Espainiako selekzioa

Baleike 2015eko abuztuaren 12a

Mikel Martinez, Kauldi Odriozola eta Ander Torriko kide dituen Espainiako jubenil mailako selekzioak bigarren porrota jaso du gaur, Errusiako Ekaterinburgen jokatzen ari den Munduko eskubaloi txapelketan. Alemaniaren aurkako partidan 25-23 emaitzarekin galdu du Espainiak.

Ideia garbirik gabe atera da Espainia eta 10. minuturako 7-2 galtzen zihoazen. Atsedenaldirako bost goleko aldea mantendu du Alemaniak (14-9). Bigarren zatiaren hasiean antzera joan dira gauzak eta alemaniarrak aldea handitzeko gai ere izan dira (22-15). Hor etorri da espainiarren erreakzioa eta 5-1eko defentsa erabilita, aldea murrizten hasi dira. Partida amaitzeko bost minuturen faltan, gol bakarrera jaitsi dute aldea (24-23). Islandiaren aurkako partidan gertatutakoaren antzera, eta epaileen erabaki polemiko batzuk tarteko, Espainia ez da gai izan markagailuari buelta emateko eta 25-23 emaitzarekin amaitu da partida. 

Kauldi Odriozolak bi gol sartu ditu gaurko norgehiagokan. Mikelek eta Anderrek ez dute golik sartu Alemaniaren aurka. 

Espainiako selekzioa final-zortzirenetarako sailkatuta dago dagoeneko, bi garaipenekin (Egipto eta Venezuela) eta bi porrotekin (Islandia eta Alemania), baina gaurko emaitzaren ondoren, ezinezkoa izango dute taldeko lehen postua eskuratzea. Lehen postuan Islandia dago 8 punturekin, bigarren Norvegia 6rekin eta hirugarren eta laugarren Espainia eta Alemania, biak ere 4 punturekin. Ostiralean Norvegiaren aurka jokatuko du Espainiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide