Donostia 2016 egitasmoaren baitan kokatzen den Mugalariak programaren baitan kokatzen da Zumaian egindako egonaldia. "Proiektu bat aurkeztu genuen, hautatua izan zen eta hari esker izan gara hemen", azaldu zuen Beñat Rallak, zuzendari artistikoak. Gustura azaldu dira Zumaian izandako harreraz eta etorkizunean itzultzeko borondatea erakutsi zuten.
Aurrez beste egonaldi bat egin zuten, Gasteizen, "elkar ezagutzeko". Zumaian igarotako hamar egunetan "benetako sormen" prozesu bat bizi izan dutela azpimarratu zuten. "Musikariak etxetik partitura batekin etortzen badira, gu ezer gabe etorri gara eta aurkeztuko dugun hau hemen bertan sortua izan da, taldekide guztien ekarpenekin".
Antzezlanaren hazia, baina, Rallak Genevan (Suitza) burututako Dalcroze Erritmika ikasketen baitan egindako Harritik herria lanean. Jorge Oteizaren imajinagintzak ere eragin handia du beraien lanean, "ez helburuan, baina bai iturrian".
20-25 minutuko ikuskizun bat aurkeztu zuten, etorkizunean zuzeneko musika duen dantza emanaldia bihurtuko den proiektuaren lehen zatia. "Udazkenean beste egonaldi bat egingo dugu, Luhuson (Lapurdi). Han amaituko dugu ikuskizuna eta baliteke hemen ikusitakoa aldatzea han bizitakoarekin". Zumaian Alondegian egon badira lanean, Luhuson antzoki batean igaroko dituzte egunak. "Bertan probatuko dugu argiteria. Antzokia izanda, espazioaren erabilera ere aztertuko dugu".
Oraindik izenik ez duen ikuskizunaren aurkezpenean bost kide izan ziren, baina proiektua beste bi lagunez osatzen dela azaldu zuten. "Alde batetik argiteriaz arduratzen dena dugu eta aurreko egunetan egon gara hizketan. Bestea Amets Arzallus da". Asteartean izan zen MugMuseko lagunekin hizketan. Izan ere, bere hitzek jantziko dute ikuskizun hau.
