Goibel esnatu zen atzo eguna eta egoerak ez zuen hobera egin: goizean zehar botatako euri zaparradek zail jarri zieten gauzak lehiaketara hurbildutako 40 bat margolariei, 20 heldu eta 19 gaztetxo. Arkupe eta atarietan babestuta margotu behar izan zituzten beraien lanak. Zorionez, eguerdi parean eguraldiak hobera egin zuen eta margoak amaitzeko erraztasunak handiagoak izan ziren.
Behin lanak aurkeztuta, Valentin Manterola, Paco Hernandez, Julian Eguiguren eta Olaitz Goiburu artisten lana izan zen margo horien artean sarituak aukeratzea. Hala, beraien iritzian, Jose Migue Arranz de Juanek alde zaharrean margotutako koadroa izan zen onena. Bigarren saria Maria Teresa Durák jaso zuen. Zumaiarrentzako saria bertan behera uztea erabaki zuen epaimahaiak eta haren ordez hirugarren sari bat eman zen. Juan Carlos Lang Gonzalezek jaso zuen sari hori.
Gaztetxoentzako sariak ere izan ziren. 12 urtez azpikoa Ane Zubia Aranaldek jaso zuen eta 12-16 urte bitartekoa Marina Gaztañaga Goiburuk. Pinturas Rubiok emandako opari bana jaso zituzten gazte hauek.
Lehiaketara aurkeztutako lanekin osatutako erakusketa zabalduko da astelehenean Oxford aretoan. Lan hauek salgai izango dira erakusketak irauten duen egunetan.