Aste honetan emandako elkarrizketan, Patxi Frances entrenatzaileak garbi zuen estropada gogorra izango zela, baina bere mutilak guztia emateko prest zeundela. Eta hala izan zen. Santoñan jokatu zen erlojupeko estropada. Hasi aurretik Ondarroak puntu bakarreko aldea zuen Zumaiarekiko. Beste abantaila txiki bat ere bazuen, Telmo Deunen atzetik aterako baitzen eta hark egindako erreferentziak ezagutuko zituen.
Zumaiak indartsu ekin zion eta lehen ziabogarako hiru segunduko aldea zuen bizkaitarrekiko. Hurrengo ziabogetan aldea handitzen joan zen eta traineru gorria bigarren txandako azkarrena izan zen, 20:13:44 denborarekin. Ondarrutarrek eman zuten eguneko sorpresetako bat, bigarren txanda honetan azkenak izan baitziren, zumaiarrekiko 16 segundora. Beste sorpresa lehen txandan aritu zen Donostiarrak eman zuen. Bera izan zen arratseko azkarrena 19:58:90 denborarekin eta beretzat izan zen Santoñako bandera.
Jardunaldi honen ondoren, eta datorren asteburuan jokatuko den Villa de Bilbao estropadaren faltan, hau ere erlojupekoa, Zumaiak bigarren postua eskuratu du sailkapenean. Getaria da liderra, 138 punturekin, bigarren Zumaia 127rekin eta hirugarren Ondarroa 123rekin. Beraz, estropada bakarraren faltan, Zumaiak 4 puntuko aldea ateratzen dio Ondarroari eta eskura du sailkatze estropadarako bigarren txartela.
Euskotren liga Pasaiara
Emakumezkoen Euskotren ligako azken bi jardunaldiak jokatu dira asteburu honetan, Zarautzen. Hitzordu bikoitz honen aurretik, San Juanek bi puntuko aldea ateratzen zion Zumaiari eta bi estropaden ondoren aldea bere-berean mantendu da. Larunbatean gogotsu ekin zion Zumaiak eta aurrea hartu zuen joaneko luzean. San Juan, ordea, ez zegoen urruti. Ziabogara hurreratzean San Juan muturrean jarri zen eta bigarren luzean aldea handitzen joan zen. 9 segundoko aldea izan zen amaieran pasaitarren alde.
Ezinezkoa ez, baina oso, oso zaila zuen Zumaiak Euskotren liga irabaztea. Igandeko jardunaldiaren faltan bi kluben arteko aldea hiru puntukoa baitzen. San Juanek istripu bat izan behar zuen bigarren urtez jarraian liga ez irabazteko. Hori jakinda, Zumaia Zarauzko bandera irabazteko asmoarekin atera da. Bezperan San Juanek lortutako 9 segundoko alde hori jan behar zuen, bi jardunaldietako denborak kontutan hartzen baitziren. Ez da posible izan. Bien arteko aldea segundo erdikoa besterik ez da izan, zumaiarren alde. Sorpresa Hibaikak eman du: larunbatean 38 segundora geratu bazen, igandean estropada irabazi du, lehia osoan buruan joan ondoren.
Liga amaituta, Pasai San Juan izan da irabazlea 28 punturekin. Zumaia izan da bigarren, 26rekin, Hibaika hirugarren 15ekin eta Orio laugarren 11rekin.
B ontzia hamaikagarren
Larunbatean baita ere, baina Castron, KAE 2ko estropada jokatu zen. Zumaia B ontziak hamaikagarren egin zuen. Jardunaldi honen ondoren, hamabigarren da sailkapen orokorrean, 38 punturekin.
Beteranoek bandera
Zumaiako ontziek beste albiste pozgarri bat eman dute asteburu honetan. Zumaiako beteranoen traineruak Getxoko XII. beteranoen bandera irabazi zuten.