Jubenilek Frantzia izango dute aurkari Mundialeko finalaurrekoan

Baleike 2015eko abuztuaren 17a

Espainiako jubenil mailako selekzioak 23-18 emaitzarekin irabazi dio Danimarkari gaur arratsaldean jokatu den Munduko txapelketako final-laurdeneko partidan. Dominen borrokan sartu dira Kauldi Odriozola, Mikel Martinez eta Ander Torriko eta Frantzia indartsua izango dute aurkari finalaurrekoan (asteazkena, 15:00etan).  

Espainiako selekzioa jaun eta jabe izan da lehen zatian. 5-1 defentsaren aurrean, Danimarkakoek sekulako zailtasunak izan dituzte erasoan. Atzealdean sendo, erasoan fin izan dira Alberto Suarezek gidatzen dituen mutilak eta aldeak handitzen joan dira (3-0, 5-2, 7-2, 13-5). Lehen zatiaren amaieran Danimarkak erreakzioa izan du eta hiru gol jarraian sartu ditu. 13-8 emaitzarekin joan dira atsedenaldira.

Lehen zatiaren amaieran espainiarrek erasoan zituzten arazoak areagotu egin dira bigarren zatiaren hasieran eta daniarrak markagailuan hiru golera jarri dira (14-11). Hautatzaileak Kauldi Odriozola jarri du lehen lerroan eta sumatu da aldaketa jokoan. 16-13 emaitzarekin bi taldean hamar minutuan egon dira golak sartu ezinik. Azken zatian beste erreakzio bat izan du Espainiako selekzioak eta aldea bost golera igo da (20-15). Nahiz eta daniarrek presioa handitu duten, bost goleko alde horrekin amaitu da partida (23-18).

Partida Espainiarentzat momenturik zailenean zegoenean, hiru zumaiarrak batera jarri ditu hautatzaileak. Kauldik 5 gol sartu ditu gaur eta Mikel Martinezek 3.

Urrearen bidean, finalaurrekoan, Frantzia indartsua izango du Espainiako selekzioak. Frantziarrek 35-28 emaitzarekin irabazi diote bere partidan Suediari. Finalaurreko partida asteazkenean jokatuko da, 15:00etan. Beste finalaurrekoa Islandiak eta Esloveniak jokatuko dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide