Ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuak neurtu dira lehen partidan, Oliden eta Agirre oikiarrak eta Tumas eta Alkorta. Bigarren bikote honek hartu du markagailuan aurrea lehen tantoetatik. Partida aurrera joan ahala, aldea handitzen joan da. Oikiarrak saiatu dira desabantaila txikitzen, baina akats gehiegi izan dituzte eta azkenean Tumas eta Alkorta nagusitu dira 13-22 emaitzarekin.
Bigarren partidan ligaxkako lehen sailkatua eta laugarrena aritu dira aurrez aurre, Salaberria-Manterola eta Astigarraga-Iribar. Partida antzerako emaitzarekin amaitu bada ere, 14-22, lehen partida baino lehiatuagoa izan da bigarrena. Nahiz eta hasieran hutsegite batzuk izan, Iribarrek atzeko koadroetan agindu du eta garaipena lortzeko faktore garrantzitsua izan da.
Asteazkenean, 18:30ean, jokatuko dira X. txapelketa honen azken partidak, eguraldia lagun bada, behintzat. 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan Oliden-Agirre eta Salaberria-Manterola bikoteak neurtuko dira eta finalean Tumas-Alkorta eta Astigarraga-Iribar.