Sailkatze estropadetako hiru txandetako lehen sailkatuak zuzenean sartu ziren finalean. Beraz, finalerdietan sei txartel besterik ez zeunden jokoan, hiru txanda bakoitzeko. Espainiako selekzioko ontziak Portugal, Bielorrusia, Alemania, Kanada, Brasil, Norvegia, Iran eta Serbia zituen bere txandan aurkari. Ezin zen hutsik egin, halako denbora gutxiko estropada batean edozer hutsegitek ondorioak izan ditzake eta.
Abaila bizian atera dira bederatzi ontziak eta 250 metroko partzialean Espainiako selekzioa bigarren zen Alemaniaren atzetik. Hauek, baina, erritmoa galtzen joan dira eta azkenean finaletik kanpo geratu dira. Bigarren partzialean Peña eta bere hiru lagunak lehenak ziren, hirugarren partzialean bezala. Azken 250 metrotan, baina, Portugalek aurrea hartu die eta azken hauek izan dira helmugan lehenak (2:54.305); Espainia izan da bigarren 237 milarenetara (2:54.542) eta hirugarren Bielorrusia (2:55.616). Bi finalerdietako denborak batuta, Espainiako ontzia laugarrena izan da lehen finalaurrekoetan aritu diren Australia eta Errusia, eta bigarrenean aritu den Potugalen atzetik.
Finala bihar eguerdian jokatuko da, 11:51n. Aurkariak Hungaria, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Australia, Errusia, Portugal, Bielorrusia eta Errumania izango dira. Ozeaniako ontzi bat eta Europako zortzi izango dira azken estropada honetan. Helburu nagusia Europako zazpi lehenengoen artean sartzea dute, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan egoteko