Espainiako selekzioko ontziak nahikoa zuen gaur Europako selekzio bat atzean uztea sailkapena lortzeko. Finalerako sailkatutako bederatzi ontzien artean Europako zortzi selekzio zeuden eta Ozeaniako bat, Australia. Europako zazpi ontzi sailkatuko ziren Rioko Jokoetara eta bat atzean uztea zen helburu nagusia. Dominetarako borrokan sartzea ere piraguista hauen buruan zegoen.
Hiru minutu baino gutxiagoko estropada batean ezin zen hutsegite minimorik ere egin. Abiada bizian atera dira bederatzi ontziak eta 250 metroko partzialean seigarrenak zen Peñaren ontzia. Bigarren partzialean, kilometro erdikoan, hirugarren posturaino igo dira eta bazirudien baietz, dominetarako borrokan sartuko zirela. Hurrengo partzialean, 750 metrokoan, postu bat galdu dute eta azken kilometro erdian, atzetik zituen Australia eta Portugalko piraguek aurrea hartu diote. Seigarren postuan heldu dira helmugara, urrezko domina irabazi duen Eslovakiarengandik 3 segundora. Zilarra Hungariak irabazi du eta brontzea Txekiar Errepublikak. Atzean Europako hiru selekzio utzi ditu, Errumania, Bielorrusia eta Errusia.
Seigarren postu honi esker, laukoteak 2016. urtean Rion (Brasil) ospatuko diren Joko Olinpikoetara sailkatu da. Hori zuen Iñigok ametsa eta azkenean, egindako lan guztiaren ondoren, ametsa gauzatzea lortu du.
Iñigo Peña izango da Joko Olinpiko batzuetan parte hartzen duen bigarren zumaiarra, 1948. urtean Londresekoan belar hockeyan parte hartu zuen Juan del Campo Esteibarren ondoren.
Zortzigarren bakarka
Ia atsedenik hartu gabe, Peñak K-1 5.000 metroko finalean hartu du parte. Zumaiarra zortzigarren izan da, 20:54:65 denborarekin. urrea irabazi duen Kenny Wallace australiarrarengandik minutu batera.