Liztor asiatikoen bi habi kendu dituzte azken egunotan

Baleike 2015eko abuztuaren 25a

Argazkia: Aitor Leiza

Liztor asiatiko beltzaren beste bi habi aurkitu dituzte azken asteotan Zumaia inguruan. Lehena ur araztegiaren inguruan agertu zen eta bigarrena Joxe Mari Korta industrigunean. Aitor Leizaren esanetan, azken bi urtetan hogei bat habi kendu dira, "eta gehiago egongo dira"

Vespa Velutina bezala ezaguna den liztorra 2010ean antzeman zuten aurreneko aldiz Irunen; iparraldeko erlezainek ordurako hilabeteak zeramatzaten liztorren kalteak jasanez. Asian dauka jatorria liztor honek eta 2004ko amaieran sartu zen Europan, antza Bordelera Txinatik egurrez edo eltzez beteta zetorren ontzi bat porturatzean. Kezka handiagotu egin da ordutik hona. Frantziako nekazariek 2005ean beraien kezka plazaratu zuten, liztor asiatikoak bertako erleak akatzen zituela ikusita. 

Liztorrek 30 milimetro inguru dituzte eta erreginek 35 eta 40 milimetro izatera irits daitezke. Habi bakoitzak 1.500 eta 3.000 liztor artean izaten ahal ditu, beraz, ugalketa azkarra dute. Loreak eta fruta helduak jaten dituzte, hala nola, harrapatzen dituen intsektuen proteinak. Asiako liztorrak burua kentzen dio eta gero jan egiten du edo habiara eramaten du. Bertako liztorrak baino oldarkorragoak dira.

Bost urratsek osatzen dute liztorraren ziklo biologikoa.

  • Otsail-martxoan, erreginak hibernatzen izan diren tokitik ateratzen dira eta, apiril-maiatzean, haietako bakoitza habi bat egiten hasten da, eta lehen arrautzak errun.
  • Liztor langileak jaiotzen direnean, habia eraikitzen jarraitzen du eta, horretaz gain, kolonia guztia elikatzen du.
  • Irailean, arrak eta erregina berriak jaioko dira.
  • Hauek ernalduak izaten dira eta, udazken hasieran, habia uzten dute.
  • Negua datorrenean, beste babesleku bat bilatzen dute, hibernatzeko. Neguan, erregina-ama fundatzailea eta liztorrak hil egiten dira, eta utzitako habia ez da berriro erabiliko hurrengo urtean.

Habiak esferikoak edo erronboide formakoak dira eta, normalean, zuhaitzetan egiten dira, lurretik hamar metro baino gehiagora beti. Batzuetan, eraikinen goreneko aldean ere egiten dira. Marroiak edo krema kolorekoak dira eta, erabat garatutakoan, 50 cm zabal eta 80 cm garai izan daitezke.

Martxoaren eta maiatzaren bitartean liztor erreginek habia txikiak egiten dituzte, bost bat zentimetrokoak, eta haietan erruten dituzte arrautzak; habia primarioak dira, eta udaren amaieran erregina bakoitzak beste habia bat egiten du, eta hartan 300 bat erregina berri eta 1.500 eta 3.000 liztor langile artean sorrarazten ditu. Tamaina handiko habiak dira, zuhaitz adaburuetan jartzen dituztenak, lurretik oso gora, eta zaila da horiek hatzeman eta suntsitzea. 

Espezie honek pertsonei printzipioz inolako arriskurik sortzen ez badie ere, arriskuan jartzen ditu bertako erleak, erlauntzak populazioa murrizten delako eta hori oso kaltegarria delarik ingurumenaren ikuspuntutik. Ulertu egiten dugu erlezainen kezka, urterik urte ezti gutxiago biltzen dutelako, eta ez da ahaztu behar bertako erleak direla polinizazioaren % 80ren erantzuleak, eta hori ezinbestekoa da landare eta zuhaitz berriak sortzeko.

Udaltzainari deitu

Habi hauetako bat ikusiz gero, Udaltzaingoari deitzea eskatzen da (943143232). Bost metro baino gehiagora ez hurbiltzea, ez xaxatzea eta zeure kabuz ez kentzea gomendatzen da.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide