Arnas hartzeko astirik ere ez dute izan ia. Errusian jokatutako Munduko Txapelketatik etxera bueltatu eta segidan talde berriekin entrenatzen hasi dira; Bidasoarekin Kauldi Odriozola, Zarautzekin Mikel Martinez eta Ander Torriko. Arnas hartzeko astirik ez, aldaketaz jabetzeko ere ez. Lagun minak dira mutil koskorrak zirenetik, elkarrekin ikasi zuten baloi txikiarekin gozatzen, eta hirurak izan dira oinarrizko zutabe zazpi urtez ia dena irabazi duen urrezko belaunaldian. Baina bukatu da Pulpon egindako bidea eta orain aro berri bat hasiko da. «Dena den, Pulporekin egindako azken denboraldia ikaragarria izan da eta Munduko Txapelketara hirurok joatea sekulako saria izan da. Gehiago ezin da eskatu», dio Kauldi Odriozolak.
Laugarren izan da Espainia, dominarik gabe bueltatu dira, baina ez daude kexatzeko. «Frantziak erakutsi du besteon gainetik dagoela –txapeldun izan da–, eta atzetik zortzi bat selekziok antzeko maila erakutsi dugu. Behin finalaurrekoetan sartuta, egia da pena dela dominarik gabe gelditzea; baina, txapelketa nola joan den aztertuta eta taldeek erakutsitako maila ikusita, emaitza ona izan da, eta Espainiako Federaziotik ere hala jakinarazi digute», azaldu du Martinezek.
Hirurek minutu asko jokatzeko aukera izan dute, Odriozolak eskuin hegalean eta albokoan, Martinezek eskuin hegalean eta Torrikok erdian. Momentu bereziak ere izan dituzte, Torrikok gogoratzen duenez: «Oso berezia izan da guretzat aldi berean hirurok egokitu garenean kantxan. Erditik eskuinera begiratu eta Kauldi eta Mikel ikusteak niri behintzat zirrara berezia eragiten zidan, poz handia». Eta izan dute Pulpoko jokaldiren bat edo beste egiteko aukera. «Hautatzaileak berak eskatu zigun, egiteko Pulpoko jokaldiren bat. Gogoan daukat Frantziaren kontrako finalaurrekoan egin genituela konbinazio batzuk eta ondo atera zirela. Momentu horiek oso politak dira».
Larunbatean aurkari
Gazte mailako aroa amaituta, seniorretan bide berriak probatzeko premia sentitu dute hirurek. Izan dituzte Ohorezko Mailako zenbait talderen eskaintzak, baina nahiago izan dute oraingoz koska bat beherako aritu, «ahalik eta minutu gehien jokatu eta ikasten segitzeko». Eta, patuaren apetak nola diren, betiko lagunak aurkari izango dira lehen partidan. Torrikok eta Martinezek Zarauzko elastikoa defendituko dute larunbatean (Zarautzen, 19:30ean) eta Odriozolak Bidasoarena. Irudia imajinatze hutsak irribarrea eragiten die. «Arraroa izango da, oso», aitortu dute hirurek. Baina azkar barneratu dute egoera berria, eta hasi dira elkar zirikatzen. «Bidasoak igotzea du helburu baina Zarautzen lanak izango dituzte irabazteko, etxean hazi egiten gara», bota du erronka Torrikok.