Beteranoetan parte-hartzea oso handia ez zela ikusita, hiru mailetako piraguistak batera ateratzeko erabakia hartu du antolakuntzak. "Hogeitik gora izango ginen eta horrek konplikatu egin du kontua", azaldu digu Xabierrek Hungariatik. Lehen taldean sartu dira eta Osa eta Medrano eta itzuli eta erdirako alde handia atera diote bigarren sailkatuei. Atzoko probaren ondoren eskumuturreko minarekin, tendinitis batekin da Xabier, eta martxa zertxobait moteldu dute.
Amaitzetik hurbil, baina, istripu txiki bat izan dute. "Errusiako piragua misto batek, ziaboga hartu beharrean, jo egin gaitu eta lema ukitu du". 2007ko Gyorreko mundialea lema hautsita erretiratu beharrean aurkitu ziren Xabier Osa eta Vicente Royo Gatxi. Aurten, baina, konpontzeko aukera izan dute. "Eramate batean konpondu dugu lema. 20 bat segundo galduko genituen. Beste ontzi bat gurekin batera izango bazen, akabo. Ontzira igo gara eta martxa igota, berriro 20 segundo horiek berreskuratu ditugu. Esan daiteke lasai irabazi dugula estropada", zioen Xabier. Urrezko domina lortzeagatik pozik baino, estropada amaitzeagatik oraindik pozago zegoela zirudien, eskumuturreko minak medio.
Xabier Osak eta Luis Medranok 1:33:10 denborarekin amaitu dituzte 22,2 kilometroak. Bigarren frantziarrak izan dira 1:36:22 denborarekin eta hirugarren Espainiako Jorge Cinto Humbria eta Giuseppe Canu 1:41:51 denborarekin.
Bere bi hitzorduak domina banarekin amaitu ditu Xabierrek, zilarra bakarka eta urrea bikoan. Igandera arte jarraituko du Gyorren, alaba Iratiren eta Ainhoa Hidalgoren proba ikusteko larunbatean, eta Unai Gerekarena eta imanol Barruetabeñarena igandean.
Azken hauek oso sentsazio onak izaten ari dira uretan. Hala ere, ezusteko txiki bat izan dute. Piraguak egiten dituen etxeak ontzi berri bat agindu zien bi gazteei eta Hungarian zain izango zutela adierazi zien. Unaiek eta Imanolek espero ez zutena zen ontzia beraien neurriakoa baino txikiagoa izango zela. Argentinako selekzioko kide batzuekin hitz egin eta piragua aldatu dute. Orain beraien neurriko ontzi bat dute, "berri berria. Bestela oso ondo goaz", esan du Barruetabeñak.
Asteburuko estropadak, jubenilenak barne, Youtube bidez ikusi ahal izango dira zuzenean, 'Planet Canoe' kanalean.