Zumaiako Triatloi Taldeak (ZTT) bigarren etapa honetan antolatzen duen laugarren saioa izango da aurtengoa. “Aurretik bost triatloi egin ziren eta urte batzuetan antolatu gabe egon ondoren, guk hartu genuen lekukoa”, dio Andoni Agirrek, ZTTko kideak. Antolakuntza berritzeaz gain, izan dira aldaketa gehiago. Data aldatu zen: lehen ekainean egiten bazen, hilabete horretan izaten den triatloien masifikazioarekin, azken lau urte hauetan irailean egin da. “Ez dakit jendea oporretatik datorrelako edo, parte-hartzaile aldetik arrakasta izan dugu”. Horren adibide da aurtengo saioetarako izen-ematea itxita dagoela bi probatan. Distantziak ere aldatu dira lehen etaparekin alderatuta. “Orduan olinpikoa deritzon triatloia egiten zen. Gu zerotik hasten ginen eta nahiago izan genuen proba laburragoarekin hasi”. Hala, azken lau triatloietan, sprint modalitateko proba burutu dute. Triatloi mota honetako distantziak honakoak dira: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika.
Horrekin nahikoa ez eta proba herrikoia ere antolatu dute. Proba nagusiaren distantzia erdia du honek: 350 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrikan.
Igeriketa saioak Urolaren itsasadarrean egiten direnez, mareak kontutan izan behar dira ordutegiak ezartzerakoan. “Kontutan hartu behar da, gainera, marea biziak egokitzen direla. Herrikoiak itsasgora baino ordubete lehenago aterako dira. Hala, igerian, gorakoan, marearen laguntza izango dute. Sprintekoak ura gorenean dagoenean aterako dira”.
Boxak, aurrekotan bezala, Gernika parkean ezarriko dira. Proba herrikoia 15:30ean hasiko da. Arranpla paretik abiatuko dira igerian. Ibaian behera metro batzuk egin ondoren, buelta emango dute eta Gernika parke aldera egingo dute. Moilaberriko zubiko eskaileretatik lehorreratuko dira eta, boxetan aldatu ondoren, txirrindularitza proba hasiko dute. Mendaro Marinelatik aterata, Axular ibiltokitik Txikierdira helduko dira eta handik Oikiara joango dira. Xeyko biribilgunean buelta eman eta Beduko aldapa igota, Zumaiara itzuliko dira. Korrika saioan parolaldera joango dira; barra berriko puntu batean buelta emango dute berriro Gernika parkera itzultzeko. Han kokatuko da helmuga.
Sprinteko proba 17:00etan hasiko da emakumezkoen kategorian eta 17:15tan gizonezkoetan. Igerian, arranplatik aterata Abascaleko eskailera pareraino egingo dute ibaian behera eta handik gorantz egingo dute. Txirrindularitzan Forjas Iraeta enpresaraino (Aizarnazabal) joango dira, han buelta eman eta Zumaiara itzultzeko. Korrika bi itzuli emango dizkiote zirkuituari. “Itzuli bat egiterakoan zinta bat emango diegu itzuli hori eman dutela konprobatzeko”.
Parte-hartzearekin ezin pozago daude antolatzaileak. “Triatloi herrikoirako izen-ematea orain hilabete itxi genuen. Sprintekoa gehiago kostatu da. Hasieran esaten nuen gustura egongo nintzela 300 parte-hartzailerekin, baina asteburu honetan gora eta gora egin du eta igandean itxi genuen”. Guztira 160 parte-hartzaile izango dira proba herrikoian eta 380 sprintekoan. “Zumaiakoak badu zerbait jendea erakartzeko. Orain gutxi Sestaoko triatloia jokatu da eta 130 triatleta inguru izan dira maila guztiak batuta. Gurean 540 izango dira. Horiei ikustera etorriko diren lagunak, familiartekoak eta ezagunak gehitu behar zaizkie. Zirkuitua ere polita eta ikuslearentzat erosoa. Azkenean giro oso polita sortzen da... beti ere, eguraldiak laguntzen badu”. Iragarpenak egunetik egunera aldatzen ari direla dio Andonik. “Larunbat eguerdira arte ona ematen du. Baina, hego haizea izango da eta baliteke ekaitzen bat izatea”.
Aurtengo berrikuntza haurrei zuzendutako duatloia izango da. Eguerdiko ordu batean hasiko da proba. “Guk triatloia izatea nahi genuen, baina ordu horretan marea oso behean dago eta ezin izango zen igeriketa proba egin”. Hori dela-eta, korrika eta bizikleta gainean ibiliko dira haurrak. Bi maila izango dira: benjaminak (3. eta 4. mailak) eta alebinak (5. eta 6. mailak). Bietan korrika saio batekin hasiko dira; ondoren txirrindularitza proba egingo da (1.000 metro benjaminentzat eta 2.000 metro alebinentzat) eta amaitzeko beste korrika saio bat egingo dute, beti ere Gernika parke inguruko bidegorrietan.
Hau dena prestatzeko, 120 bat boluntarioen laguntza izango dute Triatloi taldekoek, boxak muntatzeko, bidegurutzeak zaintzeko eta halako proba batek behar dituen ñabardura guztietan laguntzeko.