Arrauna

Anjel Etxaniz: "Denboraldia borobiltzea falta izan zaigu"

Baleike 2015ko ira. 13a, 18:24

Zumaiako arraun elkarteak bazuen aurten Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazteko itxaropena. Azkenean bi helburu nagusiak ez dira gauzatu, baina Anjel Etxaniz presidenteak ez ditu aipatu gabe utzi nahi denboraldian lortutako beste garaipen guztiak.

Zozketan hirugarren kalea egokitu eta olatua ere bazela ikusita, itxaropena piztu da zumaiarren artean.
Zozketara gindoazela arraunlari batek esan dit gaur hirugarren kalea zerurako autopista zela; autopista hor zutela eta ea kotxeak funtzionatzen zuen esan diot nik gero. Baina ikusi da ez duela funtzionatu, barrurantz batez ere. Kanpora ondo joan dira baina lana osatu ezinik gelditu gara.

Pena da denboraldia horrela amaitzea, hain maila ona eman eta gero.
Bi txapelketa handienak irabazi gabe gelditu dira eta gainontzeko guztiak irabazi ditugu, Txapelketa guztiak irabazi ditugu Espainiako traineruena izan ezik. Denboraldi hasiera oso ona egin genuen baina bukaera luze samarra egin zaigu. Agian, besteek hobeto prestatu dute amaiera, Euskotreneko txapela eskuan zutelako. Borobiltzea falta izan zaigu.

Hala ere, denboraldi hasieratik ez zarete ezkutatu eta beti esan duzue Euskotren Liga eta Kontxa irabaztea zela helburua.
Bai, eta gaur ere irabaztera atera gara. Taldea osatu zenean guk garbi genuen helburua zela dena irabaztea. Horren bila joan gara baina ez da posible izan.

Orain denbora beharko da arraunlariek gertatutakoari buelta eman eta hurrengo urteari begira jartzeko.
Bai, behin Kontxa amaitzean arraunlari askok izaten dute dena lagatzeko gogoa. Horrelakoak gertatuko dira. Baina egongo dira baita ere segitzeko borondatea agertuko dutenak eta gero pixkanaka animatuko dira besteak ere. Hori urtero hala izaten da eta ikusiko dugu gauzak nola gelditzen diren.

Zumaiarrontzat ez da gaur amaitu arraun denboraldia. Datorren asteburuan mailaz igotzeko kanporaketa dute mutilek.Nola ari dira aste hauek pasatzen?
Mutilentzat aste hauek luzeak izaten dira. Kontxako sailkatze estropada eta gero hiru aste egoten dira eta besterik ez daukazu buruan, mailaz igotzeko kanporaketa. Pixka bat aspergarria egiten zaie, egunero entrenatu eta entrenatu. Saiatzen gara pixka bat aldatzen, egun batean Bilbora entrenatzera, edo dena delakoa... Baina gainontzekoei ere luze egingo zaie, guri bezala. Bilbo izan dira pare bat egun eta aste honetan ziurrenik Bermeora ere joango dira.

Kontxako sailkatze estropada hartzen da askotan erreferentzia modura. Zuek handik ondorio garbirik atera al zenuten?
Kontxako sailkatze estropada denok egin genuen topera, baina uste dut hortik ezin dela ondorio handirik atera. Getariak hamar segundo atera zizkigun baina ez dut uste hori denik bion arteko aldea. Aurreko astean geu izan ginen aurretik. 

Zumaiarentzat zer suposatzen du mailaz igotzeak?
Zumaian talde gaztea daukagu eta jauzi handia izan daiteke, baina denok nahi dugu ahalik eta maila altuenean egon. Mutilek lan handia egin dute hor goian egoteko eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide