«Orokorrean hartuta gustura gaude egindako denboraldiarekin»

Baleike 2015eko irailaren 15a

Hungariako Gyor herritik etorri berri haparratu ditugu Irati Osa eta Imanol Barruetabeña. Bertan izan dira Munduko Maratoi Txapelketa jokatzen pasa den asteburuan. «Izugarrizko esperientzia izan da» adierazi dute biek. Irati Osak bederatzigarren postuan bukatu zuen Ainhoa Hidalgo bizkaitarrarekin osatutako K2an, 1:27:40 denborarekin. Imanol Barruetabeña berriz, Unai Gerekarekin batera, hamaikagarren sailkatu zen, ordu eta erdi pasatxoko denbora eginez.

Bi gazteek kontatu dutenez, estropada jokatzeko baldintzak ez ziren oso onak izan. «Apenas zegoen urik ibaian, gainera korronte dezente zegoen eta horrek zaildu egiten zuen gure lana» kontatu du Iratik. Larunbatean jokatu zuen bere lasterketa zumaiar gazteak. «Irteera kaskar xamarr a eman genuen, baina lehenengo ziabogarako seigarren postuan jarri ginen» azaldu du. Estropadan zehar erritmo onarekin eta lan txukuna egiten ari ziren. «Gustura gindoazen, baina lehorreko lehenengo eramatean ura sartu zitzaigun piraguara eta gure xukaderak ezin zuen dena ondo atera. Orduan geratu egin behar izan genuen» kontatu du. Bigarrengo eramatean ere aldameneko bikoteak istripu txiki bat izan zuen eta Iratiren eta Ainhoaren piraguan ura sartu zitzaien berriro. «Saiatu ginen aurrean zijoan taldea harrapatzen baina ezin izan genuen».Behin lasterketa bukatuta gustura geratu ziren egindako lanarekin. «Gure estropada egin genuen, eta sentsazio onekin bukatu genuen, baina era berean penarekin. Taldea galtzeak pena eragin zigun. Izan ere talde horretan joateak postu batzuk aurreratu ahal izatea ahalbidetu zitekeen. Baina beno, gustura gaude» amaitu du.

Mutil jubelinen txanda igandean izan zen. Espainiako eta Europako txapeldunak, denboraldia bukatzeko azken estropada hau ilusioz markatuta zuten biek. «Ongi prestatuta joan ginen Hungariara. Helburu zehatzik ez genuen, baina bai aurreko postuetan egoteko esperantza edo  nahia» kontatu du Imanolek. Egun horretan urduri xamar esnatu zela aitortu du, baina gogotsu ekin zioten estropadari. «Irteera oso ona eman genion, bagenekien bestela zaila izango zela aurreratzea» adierazi du.

Aurreko taldean jarri ziren, bost bikotek osatutako taldetxoan. Ziaboga eman zuten eta han atzean geratu ziren, baina pixkanaka berriro ere aurkariengana hurbiltzen joan ziren. «Ondo gindoazen, baina niri gorputzak huts egiten hasi zitzaidan. Ezin nion egoerari buelta eman eta beheruntz joan ginen» kontatu du. Unai Gereka bikoteak animatu egiten zion, baina berak ezin zuen gehiago. «Burua lanean hasten zaizunean gutxiago gainera» esan du. «Ez zen nire eguna izan, eta azkenean 11. bukatu genuen. Penakin, azkenean udara guztia horretarako entrenatu genuen eta aurrerago amaitzeko esperantza genuen» aipatu du. 

Denboraldia bukatu berri dute, eta nahiz eta azken emaitza hauek sentsazio gazi gozoa utzi, gustura daude burutu duten denboraldiarekin. «Eskerrak eman nahi dizkiogu Xabiri eta Joxemari, beti hor egon baitira entrenamenduak prestatzen, masajeak eta aholkuak ematen… Eta nola ez, taldekide guztiei. Beraiek gabe ez zen posible izango hau guztia".

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide