Bermeon lan ona egiteko itxaropena bazuten zumaiarrek, lehen bien artean sailkatzeko gai ikusten ziren. Lehenengo postua, ordea, ez zegoen gehienen kinielan. "Gaur ondo ibiltzea espero genuen, baina irabaztea... Bermeon irabaztea zaila da", aitortu du Anjel Etxanizek, estropada amaitu berri. Estropada borrokatua izan da, tarte txikia izan da Zumaia, Getaria eta Portugalete artean, baina azpimarratu behar da Zumaia izan dela aurretik hasieratik amaierara.
Estropada erlojupekoa izanik, Mugardos abiatu da aurrena, minutu batera Zumaia, Portugalete ondoren eta Getaria azkena. Lehen ziabogan Zumaiak segundo bateko aldea atera dio Portugaleteri, hiru Mugardosi eta Getaria laura. Barruranzko luzean ere oso sendo Zumaia, arraunkera galdu gabe. Bigarren ziabogan hiru segundoko aldea Portugaleteri, lau Getariari eta atzerago Mugardos, bederatzira. Hirugarren luzean ere bikain Telmo Deun, azken ziabogan hutsik egin gabe. Portugaletekiko lau segundoko errentarekin ekin dio azken luzeari Zumaiak; Getaria sei segundora eta Mugardos 14.
Azken luzean ederki eutsi dio Zumaiak. Atzean, bigarren posturako lehia estua izan dute Portugaletek eta Getariak. Getariarrek azken luze ederra egin dute eta azken txanpan Portugaleteri aurre hartzeko gai izan dira, segundo bakarreko aldearekin helmugan. Horrela gelditu da gaurko sailkapena:
Bermeoko estropada
1. Zumaia 20:38:53 (4 puntu)
2. Getaria 20:41:49 (3 puntu)
3. Portugalete 20:42:70 (2 puntu)
4. Mugardos 20:56:59 (puntu bat)
Bihar Portugaleten (12:00etan) jokatuko da sailkatze igoerako bigarren estropada. Zumaiak abantaila polita du, baina Etxanizek ez du gehiegizko konfiantzarik nahi. "Bermeon irabazten duenak aukera asko izaten ditu, baina oso segundo gutxiko tartea izan da gaur. Bihar azkenak izango gara ateratzen eta hori abantaila txiki bat ere bada. Ea bihar zorte pixka bat daukagun eta Zumaia eta Getaria igotzen garen mailaz". Sailkapenerako aurrena postuek ematen dituzten puntuak hartzen dira kontuan; berdinketa egonez gero, denborak hartuko dira aintzat.