Beatles taldearen Yesterday kantarekin hasi da gaur eguerdian Yeregi familiak antolatu duen ekitaldia, eta jarraian Maddi Gallastegik bertsoak eskaini dizkio erlojuari. Xabier Alvarez Yeregik hartu du ondoren hitza. Yeregitar erlojugileen aipamena egin ondoren, eskerrak eman dizkie erlojua zaharberritzea posible egin duten guztiei. Industria ondareaz arduratzen den ZIIZ elkarteko Ismael Manterolak eskatu die arduradun politikoei Zumaian gelditzen den ondare apurra gordetzeko urratsak egin ditzaten. Jakinarazi du Moilaberriko estazioa eta Narrondoko La Zumayana zementu fabrika kontserbatzeko ekintzak proposatuko dituztela.
Arantza Tapia industria kontseilariak ere parte hartu du ekitaldian. Gaur egun hainbeste aipatzen den ekintzailetzaren eredu jo ditu yeregitarrak, eta erlojua bera hartu du adibide: "Zaharberritu eta lehengoa gordetzeaz gain, teknologia berria ere jarri diozue bere funtzioa hobetzeko; lehenegoa gordetzeaz gain, garai berrietara egokitu duzue". Azkenik, Oier Korta alkateak hartu du hitza. Zumaian industriak daukan pisua azpimarratu du eta gogora ekarri nahi izan ditu enpresak sortzen ahalegin berezia egin duten hainbat familia. Industria munduan nagusien eta langileen artean izaten diren tentsioen gainetik, guztien lana aitortzeko aprobetxatu nahi izan du alkateak ekitaldia, erlojuak bezala, industriaren eta Zumaiaren gurpilak aurrera jarrai dezan.