Musika instrumentala jotzen duzue. Letrarik gabeko musika bezala definitzen dute askoek. Horrela al da? Nola definituko zenukete zuek?
Berez ez. Musika instrumentala jotzeak esanahi du instrumentuak direla, beste ezeren gainetik, protagonismoa hartzen duten elementuak. Baina badaude taldeak nagusiki instrumentalak direnak eta letra minino bat abesten dituztenak.
Gure kasua ez da hori, gure abestiek ez dute letrarik, ez dugu kantatzen. Ahotsak ez du lekurik, nahiz eta batzuetan garrasiren bat edo bota kontzerturen batean.
Egitura eta erritmo konplexuko musika egiten duzuela entzuten da.
Hala esaten dute bai. Egitura konplexua izateak esanahi du ez dugula egitura bera jarraitzen abesti berean. Hau da, ez dugula musika konpas berdinetan jarraitzen. Alde horretatik ez gara prebisibleak.
Zaila da zuen musika ulertzea?
Batentzat edo bestearentzat zailagoa izango da. Eztakit. Beharbada erritmo eta egitura aldaketek entzulea deskolokatu egin dezake, eta hori ere polita da. Guk aldaketa horiek bilatu egiten ditugu, bestela aspergarria suertatu dezake.
Publikoari igual ez zaio gustatzen estandarretik kanpo ateratzea, inkomodo sentitzea… Denetarik dago. Baina esan dezaket gaur egun badagoela horren zalea den publikoa. Askok estimatu eta guzti egiten dute.
2014tik martxan zaudete. Nolako harrera izan du taldeak denbora honetan?
Maiatzaren 31ean izan zen gure lehenengo kontzertua. Ordurako entsaiatzen geunden eta egun hori jarri genuen gure estreinuko data bezala. Getariako gaztetxean izan zen.
Gure kanta sortarekin joan ginen, eta handik beste bi kontzertu atera ziren, gero beste batzuk… Katean joan ziren, egia esan.
Udarako paroia eta gero diskoa grabatzen hasi ginen azaroan, eta bukatu ondoren, aurtengo otsaila-martxoa aldean, gure diskoarekin hasi ginen kontzertuak ematen.
Harrera ona izan da. Leku ezberdinetan jo dugu eta hori polita da. Taberna batetik deitzen dizuete, gaztetxe batetik beste batean, txosna batan jotzeko ere bai, plazan, kalean… eta horrek bere xarma dauka.
Bost kantez osatutako diskoa duzue. Abestien izenak xelebreak, edo kuriosoak dira behinik behin…
Zumaiako usategian grabatu genuen eta estudioan sartu ginenean 10 bat kanta genituen. Azkenean bostekin geratu ginen: Ñu, Lanperna, Perpausa, Korrokoi albinua, eta Xibarita.
Letrak ez edukitzeak ematen du horrelako izenak jartzeko askatasuna. Guretzako esanahia dute, gure artean edozein egunetan erdi brometan esandako izenak dira. Lanperna, xibarita… Bertako izenak dira gainera, eta gustatu egiten zaizkigu.
Udaran geldirik egon zarete, eta gaurko kontzertua izango duzue, hilabete batzuen ondoren, lehenengoa.
Hala da. Gero urrian Galiziara joango gara eta Zarautzen egingo den keep an open mind festibalen ere parte hartuko dugu. Azaroan berriz, Burdeosen ospatuko den festibal batean joko dugu.
Zuen musika sofa batean eserita entzuteko gonbidapena al da?
Harritzen zait gaur egun norbaitek musika egin, eta musika hori sofa batean, atentzio guztiz entzungo dela pentsatzea. Gustatuko litzaidake, baina harritzen zait.
Egia esan behar bada, eta etxean bada, musika entzuteko postura ona da. Baina gu ere ez gara sofan eserita egotekoak. Beraz...