Garagardoaren festa izango da asteburu honetan Zumaiako zortzi tabernatan

Baleike 2015eko urriaren 9a

Municheko garagardotegietaz mozorrotuko dira asteburu honetan Zumaiako zortzi taberna. Gaur hasi eta astelehenera bitartean II. Garagardo Festa izango da eta, ohikoez gain, zazpi zerbeza marka edateko aukera izango da. 

Festa honetan parte hartuko duten tabernak Gure Txokoa, Idoia, Kresala, Tximista, Trapaia, Itzurun, Kalari eta Zalla izango dira. Zazpi izango dira taberna hauetan edateko aukera izango diren garagardo markak, ohikoez gain, noski: 1906, Red vintage eta Black cupage galiziarrak, Maredsous eta Grimbergen double belgikarrak eta Warsteiner eta König Ludwig alemaniarrak. 

Tabernen arabera, jaki bereziak emango dira, saltxitxak eta ukondoak, hain zuzen ere. 

Larunbat eta igande arratsaldean musika izango da tabernak eta kaleak girotzeko. Larunbatean, 18:30etik aurrera eta Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita, The Joselontxo's txaranga arituko da bere musika jotzen; igandean, berriz, 19:00etatik aurrera eta Amaiako plazatik abiatuta, Xabi Dantzaleku DJ-ren txanda izango da.

Zozketak ere egingo dira egun hauetan zehar. Hala, eskatzen den garagardo bakoitzeko zozketan sartzeko txartel bana emango da. Zumaia Elkartean sartuta dauden hamabi taberna eta jatetxetan gastatzeko 50 euroko sei erosketa txartel banatuko dira. Hilaren 13an aterako dira irabazleen izenak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide