Espainiako Gobernuak Santiagoko hondartza egokitzeko konpromisoa erakutsi duela adierazi du EAJk

Baleike 2015eko urriaren 14a

Joseba Agirretxea, Euzko Abertzaleak taldeko Diputatua, eta Oier Korta, Zumaiako alkatea, Madrilen izan dira gaur, Nekazaritza eta Ingurumen Ministeritzan. Amaieran baikor agertu dira Kostetako Zuzendaritza Nagusia Santiago hondartzako egokitze lanak burutzeko Protokoloa osatzera konprometitu ondoren.

Hala eman du jakitera Diputatuen Kongresuko EAJren prentsa arduradunak bidalitako ohar batean. Bertan jasotzen denez, bilera honetan, Agirretxea eta Kortaz gain, Zumaiako Udaleko zenbait teknikari izan dira.

Oier Korta alkateak jakitera eman duenez, Kostetako Zuzendaritza Nagusiak esandakoaren arabera, proiektua dagoeneko esleituta dago eta honen lanketa 11 hilabetetan luzatuko da. "Gaur lortu dugun konpromisoa lehen urratsa besterik ez da; oso positiboa da, baina soilik lehenbizikoa. Espainiako Gobernuari exijituko diogu proiektuan jasoko diren ekintza guztiak ahalik eta azkarren burutzea, eta beharrezko baliabide ekonomikoak jarrita. Zumaiako herritarrak denbora gehiegi daramate lan hauen esperoan". 

Bileraren amaieran, diputatuak adierazi du Protokolo hau burutzea "albiste ona" dela, nahiz eta, "legegintzaldiaren bukaeran etorri" den. Agirretxeak adierazi duenez, "Euzko Abertzaleak taldeak oso hurbiletik jarraituko du proiektu honen garapena, hitzak ekintza bihurtu daitezen". Jarraian, azaldu du "beharrezko ekintza guztiak" burutuko dituztela "Santiago hondartzak behar dituen egokitzapeneko lan guztiak ahalik eta azkarren burutu daitezen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide