"Ez da beranduegi ingurumena babesteko"

Baleike 2015eko urriaren 15a

Olagarroa ur azpian. Argazkia: Xabier Mina

"Zumaiak mehatxuak jasan ditu historikoki, eta etorkizunean ere beste batzuei aurre egin beharko dio" aipatu du Aitor Leizak.

Zumaiako Aste Mikologikoa bioaniztasunaren garrantziari buruzko hitzaldi batekin hasi zen atzo arratsaldean. Bertan izan ziren hizlari Arkamurka Natur Elkarteko Aitziber Sarobe eta Zumaiako Natur Taldeko Aitor Leiza. Lehenengoa bioaniztasunaren garrantziaz mintzatu zen, eta bigarrenak berriz, Zumaiako kasua aztertu zuen.

Saroberen hitzetan, “bizitza ederra da eta horretarako zaindu egin behar dugu gure ingurumena”. Bioaniztasuna, planetan dauden bizidunek eta beraien arteko harremanek osatzen duten multzoa da. “Ingurumena kontserbatzeko hainbat arrazoi daude eta horregatik kontzientziatu egin behar gara” aipatu zuen.

Arrazoi moralak, estetikoak, kulturalak, ekonomikoak eta bitalak daude. “Arrazoi bitalak dira nire ustez garrantzitsuenak. Gizakiok, animaliak gara eta gure biziraupena ziurtatzeko beste izaki bizidunekiko menpekotasuna dugu” esan zuen. “Horretaz gain, gizakion kontzientzian beste bizidunekiko loturak bilatzea, eta bioaniztasunarekiko harremanak sendotzea aurkitzen da. Bitala da hori” jarraitu zuen.

Egungo egoera
Gizakiaren eraginez, iraungipen data azkartu egin da. “Espezien iraungipena 1.000 aldiz azkartu da azken urteotan, eta horrek 30.000 espezie desagertzeko zorian egotea ekarri du” adierazi zuen Sarobek. Egoera ez da samurra, “baina oraindik ez da beranduegi” aipatu zuen.

Zein dira gaur egungo arazo global garrantzitsuenak? Beroketa globala, klima aldaketa, hondakinak, espezie arrotz inbaditzaileak… “Baina ezin gara ahaztu tokian tokiko arazoekin. Esaterako, natur baliabideen gehiegizko ustiapenarekin, arrantza eta ehizarekin, kutsadurarekin…”.

Gizartean baina, gero eta kontzientzia gehiago dago gai hauen inguruan. “Kontserbazioan dago gakoa eta horretarako EAEko Natura Babesteko 16/1994ko legea garrantzitsua izan da. Lege honen garapenari esker parke naturalak, biotopo babestuak eta abar izendatu dira”. Hirietako eta herrietako lurralde plangintza eta hirigintza planetan ere bioaniztasunarekiko kezka agertu da. “Ardura hor dago, administrazioek tresnak sortu dituzte baina oraindik gauza asko dago egiteko, eta neurriak hartzeko garaia da” esan zuen.

Zumaiako bioaniztasuna
“Zumaiako ingurumena aberasgarria eta zabala da baina historikoki mehatxuak jasan ditu” esanez hasi zuen bere hitzaldia Aitor Leiza, Zumaiako Natur Taldeko partaideak. Ingurumenak beti sufritu izan ditu gizakiaren mehatxuak, eta adibide esanguratsuak izan dira Zumaian. “Sakoneta aldean zentral nuklearra egin nahi izan zuten eta baita aireportu bat ere” gogoratu zuen Leizak. Bedua aldean autodromo bat eraiki nahi izan zuten, eta herriaren hazkunde ez jasangarria ere nabarmena izan da azken urteotan.

Azaleraz Zumaia oso txikia da baina ekologikoki aberatsa da. Zein aberastasun ditu? “Itsasoa da nagusienetako bat. Bertako hegaztiak, arrainak… Espezie ezberdin asko ditugu. Horretaz gain, labarrak, belardiak, duna, padura…”. Hala ere, egoera interesgarri baten aurrean gaude. Leizak aipatu bezala, biotopo babestua dugu eta Urola ibaia gestio urbanistikoaren barnean dago sartuta.

Baina mehatxuak ez dira bertan bukatu. Etorkizun hurbilean hainbat arazori aurre egiteko gai izan behar gara. “Airearen eta uraren kalitatea, gehiegizko urbanizazioa, turismo ez jasangarria… Erronka handiak ditugu, eta bakoitzak bere lana ondo egitea lortu behar dugu”.

Aste Mikoloarekin bukatzeko larunbatean perretxikoak biltzeko irteera egingo da. Goizeko 8:30ean elkartuko dira fielatoan. Arratsaldean, bildutako perretxikoen sailkapena eta igandean zabalduko den erakusketaren prestaketa egingo da Oxforden. Igandean (11:00-14:00 eta 16:30-20:00) perretxikoen erakusketa izango da Alondegiko erakusketa aretoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide