Siriako errefuxiatuen harreran laguntzeko lehen pausoak ematen hasi dira

Baleike 2015eko urriaren 20a

Etxe honetako bigarren solairua izango litzake errefuxiatuentzat bideratutakoa.

Zumaiako hainbat herritar harrera talde bat sortzeko lanean ari dira, eta Udalak, San Juan egoitza ondoko etxea eskaini du.

Zein arazo dituzte beraien herrialdean? Zein egoera dute? Nola hartu behar ditugu guk? Zein da gure lana honen aurrean? Horrelako hainbat galdera dituzte Zumaian Siriako errefuxiatuei harrera egiteko sortu nahi duten taldeko partaideek. Hori dela eta, aurreko astean, Siriako eta bertako herritaren egoera azaltzeko SOS Arrazakeriako bi lagun etorri ziren azalpenak ematera.

«Siriako gatazka ez da berria. Badira 5 urte gerran sartuta daudela, eta bertan gerra bat baino gehiago daude» azaldu du SOS Arrazakeriako partaide den Agustin Unzurrunzagak. Errefuxiatu gehienak siriarrak dira. 11 milioi desplazatu dira gutxi gorabehera, eta horietatik 4,5 milioi herrialdetik kanpo daude. "1,2 milioi Turkian daude, eta beste horrenbeste Libanon. Zergatik eskatzen dute baina asiloa? «Gerraren jarraipena ekidiezina da, eta horren aurren etsita daude» azaldu du. Gainera gazte asko behartuta daude gerran parte hartzera eta horregatik ihes egiten dute. «Laguntza humanitarioa ere murriztu egin da» jarraitu du.

Urriaren 7tik Europako Batasunak  jarritako Sofia operazioa dago martxan. «Libiatik ateratzen diren barkoei ez die Europan sartzen uzten. Errefuxiatuak, hemendik kanpo geratzea nahi dute, muga ez pasatzea» jarraitu du. Errefuxiatuen kanpalekuak Turkia eta Jordania bezalako herrialdeetan kokatuta daude. «Europa herrialde hauekin negoziatzen ari da. Diru laguntzak ematen dizkie errefuxiatuak bertatik atera ez daitezen» bukatu du.

Instituzioen lana
Zalantza eta informazio gutxirekin aurkitzen dira momentu honetan instituzioak. «Gurutze Gorria eta CEAR bezalako elkarteekin daude elkarlanean. Azken finean elkarte hauek dira gai hau bere gain hartzen ari direnak» esan du Gerar Carrer SOS Arrazakeriako partaideak.

Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Diputazioa elkarrekin ari dira lanean, Gizarte Politiketako departamentuen bidez. Horretaz gain, Eudel eta elkarteak ere bertan daude gai hau tratatzen. “Baina desinformazio asko dago. Ez dakite zenbat pertsona etorriko diren, ez eta noiz ere”.

 Urriaren 3an Gipuzkoako Diputazioak deituta, 110 familia boluntario agertu ziren bilera bat egin zen. «Familien papera laguntzeko da, ez errefuxiatuak etxean hartzeko» aipatu du.

Hiru faseetan banatzen da familien zeregin hau. Lehen faseak lehendabiziko 6 hilabeteak hartzen ditu eta bertan errefuxiatuei asesoria moduko bat egiten zaie erroldatze paperak egiten, itzultzaile lanak egiten.. Hurrengo sei hilabetetan berriz, integrazioari bideak zabaltzen zaizkie. Lana bilatzen laguntzen zaie, sozializatzen… Azkenengo fasean, jarraipena egiten da. “Espainiako Gobernuak lehenengo fasea bakarrik finantziatzen du, ondoren errefuxiatuak normalean bere kasa bilatzen du etorkizuna” azaldu du.

Zumaiako Udala ere lanean dihardu errefuxituen harreran laguntzeko zereginean, Eudel, udal elkartearen bitartez. Pili Alberdi gizarte teknikariaren esanetan, «Eudel, herri bakoitzak dituen baliabideen inguruko inbentario bat egiten ari da, eta momentuz lan horretan daude» aipatu du. Zumaiako Udalak bere aldetik, San Juan egoitzaren ondoan dagoen etxea eskaini du. Bost logela bikoitz, sukaldea, komuna eta bestelakoak ditu. 

Gaiaren inguruan ez dute informazio zehatzik oraindik. “Itxaroten gaude hurrengo pausoa emateko. Bitartean, herriko pertsona talde batek boluntario sare bat sortzen ari dira, eta hori oso ondo iruditzen zait. Azkenean administrazioa iristen da iristen den lekura eta horrelako boluntario sare bat eraikitzea garrantzitsua da”. Pilik ez du ahaztu nahi errefuxiatu edo bestalako etorkinei laguntzeko hainbat bide daudela. “Etxea alokatu nahi baduzu alokabide bezalako zerbitzuak daude, eta baita elikagaien bankuak eta Gurutze Gorria eta CEAR bezalako elkarteak ere”.

Zumaiako harrera taldea
Zumaian harrera taldea sortzeko lehen pausoak ematen ari dira hainbat herritar. «Gure asmoa herritar sare bat osatzea da» aipatu dute antolatzaileek. Lehen bilera bat egin zuten aurreko astean eta gustura dira izandako harrerarekin. «Ez genekien nolako harrera izango zuen, nolako jendea etorriko zen eta adinari begiratuz, denetarik etorri zela esan daiteke» aipatu dute.

Hurrengo bilera urriaren 27an egingo dute eta bertan datu base bat osatzen hasiko dira. «Bakoitzak bere fitxan aportatu dezakeena jarriko du. Gauza txikiak izan daitezke. Itzultzaile lanak egiteko prest dagoen pertsona bat, etxeko lanak egiten lagunduko duena... Etorriko direnak gerturatzea da kontua, herrian integratuak sentitzea» azaldu dute.

Oraindik ez dakite errefuxiatuak etorriko diren edo ez, ez eta zein ezaugarri izango dituzten. «Lortu nahi duguna sentsibilizazio pixka bat egitea da. Gu, euskal herritarrok, exiliatuak izan gara garai batean, deserrian ibiliak gara eta beste herrien babesa izan dugu. Neurri berean,  gure herrian horrelako mugimendu bat izatea ere aberasgarria iruditzen zaigu" aipatu dute.

Ez dute talde honekin politika egiteko asmorik. "Modu natural batean elkartu gara, eta horrela funtzionatzea nahi dugu. Gu zerbait egiteko dispuesto gaude, orain, ikusten badugu zerbait hotza dela, herritarrek ez dutela parte hartzen ba bere horretan desegingo da. Bien bitartean lanean jarraitzeko gogoz gaude, ekarpenak egiten eta beste edozeinekin kolaboratzeko prest".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide