Olarru-sub elkarteak urpeko misterioak erakutsiko ditu Oxforden

Baleike 2015eko urriaren 22a

Euskal kostaldean ateratako argazkiez osatutako erakusketa zabalduko da gaur Alondegiko aretoan. Marea arteko bizidunen inguruko hitzaldia eskainiko du jarraian Aitor Leizak

Espazio urruneko galaxiak eta izarrak gehiago ezagutzen ditugu gure itsasoen azpian dagoen flora eta fauna baino. Hala diote adituek eta hala geratzen da agerian Olarru-sub elkarteak Alondegiko Oxford aretoan gaur zabalduko duen erakusketako argazkiak ikusita. «Jendeak egiten duen lehen galdera da ea hemen ateratakoak diren. Harrituta geratzen dira», azaldu digu Oier Azkuek, elkarteko kideak. «Bai, olagarroak hor daude, baina beste espezie ugari aurki daitezke ur hauetan», dio txantxetan.

Izan ere, euskal kostaldean ateratako argazkiekin osatutako erakusketa muntatu du urpeko jardueren elkarteak. «Beste itsaso batzuetan ateratako argazkiak ere baditugu, baina erakargarriagoa iruditu zaigu bertakoak bakarrik erakustea, gure uretan zer dagoen ikus dezaten», dio Azkuek. 

Erakusketa hau azaroaren 1era bitartean izango da zabalik Alondegian, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Iñaki Alkalde, Ion Sanchez, Mikel Olaskoaga, Aitor Leiza eta Oier Azkue taldekideek ateratako argazkiak erakutsiko dira. Hauez gain, urpekaritzako materiala eta zenbait bideo ere ikusteko aukera izango da. Gainera, gaur bertan, 18:30ean, Zumaia eta Deba artean dagoen marea arteko gunean aurki daitezkeen bizidunen inguruko hitzaldia eskainiko du Aitor Leizak. 

Garbiketak baino gehiago

2003ko ekainean sortu zen Olarru-sub elkartea eta gaur egun 70 lagun inguru biltzen ditu, «ez Zumaiakoak bakarrik, Gipuzkoako beste herrietakoak ere badaude. Baita barrualdekoak ere: Bergarakoak, Tolosakoak...». 

Zumaia mailan urtean bitan egiten dituzten ibai hondoaren garbiketagatik da ezaguna talde hau. «Baina hori baino gehiago egiten dugu. Urpeko jarduera guztiak hartzen ditugu kontutan. Urpeko arrantza egiten duten kideak daude, eta baita ere urpeko argazkigintzan aritzen garenak ere», argitu ditu Oierrek. 

Taldea zabalik dagoela azaldu digu. «Berez, jarduera hauetan parte hartzeko titulua behar da. Gure kide batek urpekaritzako ikastaroak ematen ditu. Urpekaritzan hasteko aukera uda garaian antolatzen ditugun bataioetara agertzea da. Hura gustukoa badu, gero ikastaroa egin dezake».

Getaria, leku egokia

Zumaia urpekaritza egiteko leku onena ez dela dio Azkuek. «Alde batetik, erreka dago. Kutsaduragatik bakarrik ez, ibaiak ekartzen duen materialagatik ere ezer gutxi ikusten da ur azpian. Bestetik, harraldean eta Orroaga inguruan uharriak daude eta horiek ere ura zikindu egiten dute». 

Urpekaritzan aritzeko leku egokia Getaria dela adierazi digu, «bai arratoiaren inguruan eta baita Zarautz bidean dagoen beste leku batzuetan. Getariak ez du errekarik eta horregatik da leku egokia jarduera honetarako». 

Igandean honetan, Getarian bertan izango dira bertako portua garbitzen, Gipuzkoako beste urpekaritza elkarte batzuekin batera. Lehorretik, moilatik, ere laguntzea izango da eta pertsona hauei dei egiten zaie igande honetan goizeko 10:00etan Getariakoportan egon daitezen. «Kostaldea garbitzeko ekimen bat jarri da martxan eta Getariarekin hasiko gara. Hemen, lehen, arratoiaren parean, itsas zaldiak aurkitzen genituen; orain arrantzontzien bateriak daude. Oraingo belaunaldiarekin alferrik da, baina ea etorkizunekoak kontzientziatzen ditugun».

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide