Agurra ez, gero arte

Baleike 2015eko azaroaren 1a

Gari Lizaso hamaika urtez izan da Goiko tabernan lanean; urtebete langile bezala eta azken hamarrak taberna bera eramaten. Gaur arte. Gaur eguerdian itxi ditu, oraingoz, Erribera kaleko Goiko tabernak, nahiz eta zurrumurruek, beti zurrumurru, dioten badagoela taberna hartzeko asmoa duenik ere.  

Gariren emazte Margari Murillok bultzatuta, eguerdi parean omenaldia eskaini zaie Gariri eta bertan lan egin duten guztiei. Margarik, eta une horretan tabernara inguratu diren guztiek, Unai Gijarrok eta Margarik sortutako hiru bertso abestu dituzte.

Amaieran, eta bertaratutakoen txalopean, lore erramu bana eman zaizkie Gari berari eta Goikoko langileei. Zurrumurruak egi bihurtzen badira, Goikok izango du zeinek eraman hemendik denbora batera. Garik, berriz, Ihintza taberna hartuko du datorren urtetik aurrera. 

Agurra bertsotan

Goikoren ate ertzetikan naiz

barrura begira jarri

barra gaineko pintxoen festak

zentzu denak iratzarri

beren neurrira ase litezke

hainbat gose ta egarri

hain begirada adeitsu hori

tabernaren osagarri

animarentzat pizgarria da

gorputzaren gozagarri

 

Urdanetatik mutil gaztea

itsasoaren ertzera

erabakia hartu ondoren

lanari gogor heltzera

etorri zinan eta iritsi

maila altuan jartzera

hamar urteko zikloa orain

omen doa bukatzera

hargatik gatoz bertso pintxotan

Garikoitz zoriontzera

 

Familia bat osaturikan

amets ederren gisan

hori ainako gauzak gutxitan

egin litezke bizitzan

Urdanetako arnas freskoan

berdin itsasoko brisan

pauso berriak ematen segi

ilusioen gerizan

eta hemendik aurrera ere

suerterik onena izan

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide