‘Hirekin’ gazte proiektua sortu dute prekarietateari eta etxebizitza arazoei aurre egiteko

Baleike 2015eko azaroaren 10a

Lehen pausoak ematen hasi dira eta pixkanaka joango dira proiektua sendotzen, horretarako alternatiba propioak garatuz.

Pasa den neguan, “Gu gara giltza” hitzaldi-eztabaida ziklotik ateratako ondorioek eraman dute Zumaiako hainbat gazte ‘Hirekin’ proiektua martxan jartzera. «Gazteok ez dugu zertan prekarietatea onartu, eta gure eskuetan dagoena egin behar dugu prekarietatetik ihes egiteko» aipatu dute.

Hori dela eta, ‘Hirekin’ izeneko tresna sortu berri dute Zumaiako hainbat gaztek. «Proiektu hau Zumaiako gazteon prekarietate egoerari erantzuteko anbizioz jaio da, bai lan prekarioari, etxebizitza eskubideari, eta oro har egoera sozioekonomikoari erantzuteko gogo eta ilusioz». Anbizio handiz dabiltza lanean baina txikitasunetik abiatuko dute proiektua. «Eskubideak aldarrikatzetik gauzatzerako urratsak eman behar ditugula iruditzen zaigu, eta norabide horretan egingo dugu lan» esan dute.

Aholkularitza zerbitzua
Guzti honi erantzuteko, aholkularitza zerbitzua emango duen web ataria martxan jartzea izango da lehenengo eginkizuna. Honen bidez, alokairu, okupazio, lan eskubide, eskubide sozial eta abarren inguruko informazioa helaraztea izango da asmoa. «Informazio orokorra, eta arazo zehatzen inguruko laguntza emateko sortutako tresna izango da». Horretaz gain, emantzipazio bulego gisako zerbait jarri nahi dute fisikoki, Gaztetxean. «Hileko bi egunetan, ordu konkretuetan, jendearen zalantzak edo bestelakoak argitzeko helburua izango dugu bertan».

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide