Termometroari begiratuta hala ez dirudien arren, aste gutxi falta dira Gabon garaian sartzeko. Garai horrekin lotutako ekitaldiak prestatzeko lanak aspaldi hasi ziren kasu batzuetan; beste batzuk egun gutxi barru hasiko dira, Gabon Koruaren entseguak kasu. Azaroaren 16an hasiko dira abeslariak eztarriak berotzen.
Zumaiako ohiturekin lotura berezia du abesbatza honek. Urtean behin bakarrik ateratzen da, Gabon-gau arratsaldean. Zuzendaritza lanetan 32 urte daramatzan Agustin Zubimendiren agindupean, kalez kale arituko da abesbatza Gabon garaiko kantak abesten. Caritasen aldeko diru bilketa ere egingo da.
Ahotsak prestatzeko entseguak astelehenean hasiko dira, beheko plazako Gizarte zentroko bigarren solairuan, 21:00etan. Azaroaren 16an, 23an eta 30ean emakumezkoen entseguak izango dira; azaroaren 18an eta 25ean, eta abenduaren 2an gizonezkoenak, eta abenduaren 9an, 11n, 14an, 16an eta 18an orokorrak. Azken entsegua abenduaren 23an izango da Alondegian.