Orain gutxi indarkeriaren biktimak elkartu dituen Autokritikaren balioak izeneko jardunaldian hartu du parte. Politikaren alde ilunenak ere ezagutu behar izan ditu katedradunak: Audientzia Nazionalaren aurrean agertu behar izan zuen ETAko presoek eskuratutako unibertsitateko titulazioaren inguruan aurkeztutako denuntziaren ondorioz. Pasa den ekainean PPko eta UPyDko legebiltzarkideek Gasteizko parlamentura eraman zuten berriro auzi hori, Espainiaz kanpoko kartzeletan dauden ETAko presoek lortutako tituluak iruzurraren bidez eskuratutakoak izan zirelakoan. Gai horrek haserretu egiten du Alvarez. "Betikoa da, interes politikoagatik ateratzen den Guadianara itzultzea. Audientzia Nazionalera joan behar izan nuen auzi honengatik. Esan nien preso horiek aurretik zer egin zuten ez nuela begiratzen eta UNEDen adibidea jarri nuen: ikasleen %70 inguru presoak edo gaizkile komunak dira. Baina beraiei demonizatu zezaketena bakarrik interesatzen zitzaien. Sistemak nola funtzionatzen zuen azaldu nien, eta nik, ETAren aldekoa izango banintz ere, hala akusatu nindutelako, ezingo nuela ezer egin, sistemak era batera funtzionatzen duelako. Tristeena da jende batek badakiela hori, eta, hala ere, gezurra, iraina eta asmakeria erabiltzen dutela kolaboratu duten unibertsitateei kalte egiteko eta, azken finean, hezkuntza asmo politikoekin erabiltzeko. Eta hezkuntzak sakratua izan behar du. Zuk pertsonaren formazioan benetan sinesten baduzu, presoa izanda ere, ezin duzu halakorik planteatu".