Ostegunean piztuko dira Gabonetako argiak

Baleike 2015eko abenduaren 2a

Sartu gara abenduan. Gabon garaia gero eta gertuago dago, beraz, eta Zumaiako Udalak, herriko Zumaia Elkartea merkatari eta ostalari elkartearekin batera, zenbait ekintza antolatu ditu herria girotzeko.

Aste honetan bertan, herriko txoko desberdinetan jarri diren Gabonetako argiak piztuta izango dira. Abenduaren 3an piztuko dira lehen aldiz, eta Errege Eguna pasatu bitartean argituko dute herria. Aurten, aurreko urtean bezala, merkatari elkarteak eta Udalak elkarlanean jarri dituzte argiak, eta gastuei aurre ere bien artean egingo diote.

Argiekin batera, ordea, kaleak girotzeko, erakusleiho lehiaketa ere abian da. Izen ematea irekita dago dagoeneko. Aurten, bi sari emango dira, alde batetik, epaimahaiaren saria egongo da; eta, bestetik, herritarren saria. Azken sari honetan bozkatzeko aukera erakusleiho lehiaketan parte hartzen duten dendetan egongo da, eta edonork har dezake parte. Sari banaketa, abenduaren 31ean, Biko Lasterketako sari banaketarekin batera egingo da.

Zozketa eta erosketa txartelak

Iaz arte, San Tomas Egunean otarrak zozkatu izan dira erosketaren bat egiten zuten pertsonen artean. Aurten, baina, berrikuntzarekin dator zozketa hau. Dagoeneko dendetan zozketarako zerrendak jarrita daude eta parte hartzaile guztien artean, abenduaren 30ean, 250 euroko balioa duten lau opari txartel zozkatuko dira.

Zozketaz gain, erosketa txartelak ere jarriko dira salgai Zumartian Elkarteko dendetan gastatzeko. 40 euro ordaindu eta 50 euro gastatzeko 300 txartel jarriko dira salgai turismo bulegoan. Pertsona heldu bakoitzak txartel bakar bat erosteko aukera izango du ohi bezala.

Biko Lasterketan ere aldaketak

Abenduaren 31ean egiten den Biko Lasterketa mistoa ere aldaketekin dator. Alde batetik, aurten ez da bizikletan parte hartzeko aukerarik izango. Korrika edota patinetan egin beharko da ibilbidea. Eta, bestetik, banaka ere parte hartzeko aukera izango da. Datozen egunotan irekiko da izen ematea, eta zehaztasun guztiak orduan emango dira.

Errege eguneko kabalgatan ere izango dira aldaketak. Orain bi urte zaldi gainean egin zuten Itsas kiroldegia eta jaiotza arteko bidea eta iaz txalupa formako karroza baten gainean. Aurten dromedarioen gainean egingo dute kabalgata.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide