Gipuzkoako Futbol Federazioak 100.000 euroko laguntza emango du Aita Mari futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko

Baleike 2015eko abenduaren 11

Urte erdi inguruan hizketan aritu ondoren, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Zumaiako Udalak eta Zumaiako Futbol Taldeak atzo sinatu zuten Aita Mari futbol zelaia hobetzera bidean idatzitako akordioa. Itun horren arabera, Juan Luis Larrea buru duen federazioak 100.000 euroko diru kopurua emango du futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko.  

Aurtengo Aste Santuan berritu zen Aita Mariko zelaia. Hori hala izanda ere, zer hobetu eta berritzea dagoela uste du Zumaiako Futbol Taldeak eta horregatik, orain sei hilabete inguru, jarri zen harremanetan Gipuzkoako Futbol Federazioarekin. Hizketaldi hauen ondorioa atzo udaletxean sinatu zen akordioa izan zen. Sinatzaileak Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente eta Espainiako Futbol Federazioko idazkari Juan Luis Larrea, Zumaiako alkate Oier Korta eta Zumaiako Futbol Taldeko presidente Jose Antonio Gorostola Txiki izan ziren. 

Federazioak aurrez beste herri batzuetako futbol zelaietan lanak egiteko dirua bideratu du, Debakoa edo Azkoitikoa, adibidez. "Orain hiru Z-tan gaude lanean: Zarautzen, Zumarragan eta Zumaian", azaldu zuen Larreak. 

Adierazi zuenez, Federazioak ez du inbertsioak egiteko partida ekonomikorik. "Madrildik, kinieletatik, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak bideratzen digun diru kopurua erabiltzen dugu horretarako. Une honetan diru partida hori blokeatuta dago, baina 2016an zehar erabilgarria izango delakoan gaude eta horregatik sinatu dugu konpromiso hau". Behin partida hori desblokeatzen denean 100.000 euro jasoko ditu Udalak futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko. Kopuru hori datorren urteko aurrekontuetan sartuko dituztela esan zuen Oier Kortak.

Dagoeneko Aita Marin lan batzuk egin izanaren jakitun da Larrea, "baina badaude beste zenbait leku hobetu beharra dutenak". Horren harira, Txiki Gorostolak aldagelak handitzeko ideia luzatu zuen "eta ezkerraldeko horman (Institutu aldean dagoena) puntadun adreiluak lisatzea. Arriskutsua dago gaur egun. Aurreko batean jokalari batek horma horren kontra jo zuen eta ondorioz ahoan zauriak izan zituen".

Datozen asteotan Madrilgo arkitekto bat Zumaiako futbol zelaia ezagutu eta aztertzera etorriko dela gaineratu zuen Larreak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide