'Caperucita feroz' antzezlana izango da ostiralean Aita Marin

Baleike 2015eko abenduaren 14a

Ostiral honetan, hilak 18, 22:00etan hasita, Zumaiako Aita Mari aretoan, Glu Glu taldearen Caperucita Feroz antzezlana izango da. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 12 euroan.

Sinosia:

Komedia musikala, bodebila, funtzio ero eta beroa, non pasioa, dibertsioa, iruzurra eta beldurra nagusi izango diren. Denek lortu nahi izango dute ezkutuan desio duten hori berehala betetzea, eta horretarako edozein bide erabiltzeko gai izango dira.

Txanogorritxoren ipuin klasikoari buelta ematen dio antzezlanak: ikusleari erakutsiko dio pertsonak bere helburua lortzeko edozertarako gai garela, eta pasioak arrazoiari muzin egiten diola. Pandoraren kutxa ireki da eta bertatik taula gainera aterako dira gutizia material eta haragizko desioak lortzeko azpijokoak.

Txanogorritxotarrak eta Otsoatarrak aspalditik dira etsai. Otsoatarren familiak aurreko mende hasieratik kudeatzen du Basoa izeneko hotela. Hotel hau Txanogorritarren amona zaharrarena da, eta uda ostean bukatuko da errenta zaharra. Ezusteko gertaera baten ondorioz, familia biek elkarrekin pasatuko dituzte abuztuko oporrak Benidormen dagoen Basoa Hotelean.

Otsoa gazte eta lirainak amonaren sinadura lortzeko misioa izango du, baldintza zaharrak mantenduko dituen kontratua sina dezan. Baina aurrez aurre Txanogorritxo gaztearekin topo egingo du, honek amonak beste paper bat sina dezan lortu nahi baitu: Txanogorritxo eta bere ama ondare guztiaren jabe egiten duena. Bitartean, Basoa Hotela maitasunaren lekuko izango da, Txanogorrik eta Otsoak garai bateko maitasun txinparta piztuko baitute bertan.

Basoa opor hotelean oporraldi txoropitoa izango da, katramilaz, gaizkiulertzez, iruzurrez, lizunkeriez eta joan-etorriz betea. Pertsonaia guztiek pairatuko dute espero ez zuten zoria: pasioak itota bizi den bikotea, etsai diren familia biak eta hotelean oporrak igarotzen ari diren bezero ezin burugabeagoak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide